Gizartea -

DONOSTIAKO JAIAK

Kanoikadarekin hasi da festa Donostian

Kanoikada inklusibo eta koral batek piztu ditu Donostiako Aste Nagusiko jaiak. Su artifizialak eta kontzertuak izango dira, berriro ere, protagonista nagusiak.

Donostiako Aste Nagusiari hasiera ematen dion kanoikadaren irudia. Argazkia: EITB Media.
Donostiako Aste Nagusiari hasiera ematen dion kanoikadaren irudia
Hasi da Aste Nagusia 2023 Donostian: ''Artillero dale fuego'' eta Kanoikada Alderdi Ederretik

3:58

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kanoikada jendetsu batek eman die hasiera larunbat honetan Donostiako Aste Nagusiko jaiei. Hala, gaurtik aurrera, 300 jarduera baino gehiago izango dira Gipuzkoako hiriburuan, tartean kontzertuak eta su artifizialak.

Ekitaldi honek Gipuzkoako hiriburuko jaien metxa piztu du, eta ohorezko gonbidatuak izan dira Aspaceko kide, senide, boluntario eta hezitzaileak. Horiekin batera, Gipuzkoako Argazkilari Elkarteko hogei bat kidek ere, aurten 75. urteurrena betetzen duenak, kanoikadan parte hartu dute; guztiek batera Artillero, dale fuego kanta tradizionala abestu dute, tiro gorgarriaren aurretik.

Elias Arruabarrena eta Onintza Mokoroa artilleroek tiroa jaurti dute zortzi jaiegun eta gustu eta adin guztietarako 312 jarduera ludiko abiarazteko, baita urritasunen bat duten pertsonen gozamenerako ere, talde horretarako pentsatuta baitaude 102.

Hala, burrunbarekin eta berarekin batera doan parranda-giroarekin lehertu da festa hirian, eta agintari ugari izan dira bertan, hala nola Eneko Goia alkatea, jai-zapia lepoan duela.

Ekitaldi jendetsuenak, ohi bezala, Su Artifizialen Nazioarteko Lehiaketa eta Sagueseko gaueko kontzertuak izango dira. Erresuma Batuko Fully Fused Fireworks pirotekniarekin hasiko da Su Artifizialen Nazioarteko 58. Lehiaketa. Musikari dagokionez, ETS boskote arabarrak Sagueseko 2023ko kontzertuen egitaraua estreinatuko du.

Aste Nagusi hau "inklusiboa, berdintasunezkoa, benetakoa, berritzailea, partehartzailea eta, nola ez, dibertigarria" izango dela aurreratu zuen Jon Insausti Kultura eta Turismo zinegotziak, jai-egitarauaren aurkezpenean.

Donostia Festetako ordezkariek eta lehen eguneko protagonistetako batzuek prentsaurrekoa eskaini zuten atzo Donostian, Aste Nagusiaren hasierari buruzko xehetasunak emateko.

Aspaceko kideek, senideek, boluntarioek eta hezitzaileek emango diote hasiera Aste Nagusiari Donostiako udaletxeko terrazan, eta hori "saria" eta "ohore handia" da haientzat.

Horiekin batera, Gipuzkoako Argazkilari Elkarteko hogei bat kidek ere parte hartuko dute kanoikadan, guztiek batera "Artillero, dale fuego" abestuz.

Donostiako Udalak eraso sexistarik gabeko Aste Nagusiaren aldeko deia egin du.

Boulevardeko prentsa-kiosko zaharrean jarritako Puntu Moreak eraso sexisten aurkako informazioa eta sentsibilizazioa sustatuko ditu, baita bertaratutako emakumeei informazioa eta beharrezko laguntza emango ere.

EITBk Donostiako Aste Nagusiaren jarraipen zabala egingo du abuztuaren 12tik 19ra. Ekitaldi nagusiak zuzenean jarraitu ahal izango dira telebistan, irratian eta Interneten. Horrez gain, albistegiek eta entretenimendu programek Gipuzkoako hiriburuko jai giroaren berri emango dute egunero.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostiako Aste Nagusia Donostia Gipuzkoa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Jaiak