Gizartea -
Rubiales auzia
Lurralde federazioetako presidenteek dimisioa berehala aurkezteko eskatu diote Rubialesi
Halaber, aho batez erabaki dute dagozkien organoei eskatzea Federazioko kargu estrategikoen "berregituraketa organiko sakon eta berehalakoa" egiteko. Pedro Rochari babesa eman diote RFEFren etapa berriko buru izan dadin.
EITB Media
Lurraldeetako futbol federazioetako presidenteek ohar bat argitaratu dute Espainiako Futbol Federazioak (RFEF) gaurko deitutako bilera "ezohiko eta presazkoa" amaitu ondoren. FIFAk Luis Rubiales 90 egunez behin-behinean kargutik kendu ostean egin dute bilera, egoera aztertzeko eta erabakiak hartzeko.
Sare sozialetan argitaratutako komunikatuan, presidenteek aho batez erabaki dute Luis Rubialesi eskatzea RFEFko presidente kargua berehala utz dezala, "Espainiako futbolaren irudiari kalte larria egin dioten azken gertakarien eta jokabide onartezinen ondoren".
Emakumezkoen futbol selekzioa zoriondu dute Munduko Kopan lortutako garaipenagatik. Egindakoa goraipatu ostean, "Federazioko kargu estrategikoen berregituraketa organiko sakon eta berehalakoa" eskatu diete dagokien organoei, eta, horrela, Espainiako futbola kudeatzeko etapa berri baterako urratsa eman dute. Halaber, jakinarazi dute Federazioaren barne-protokoloak aktibatu direla Rubialesek kargua bertan behera utzi behar izanaren ondorioz.
Horrez gain adierazi dutenez, RFEFk "bere inbertsio eta berdintasun-politikak ezartzen jarraitzeko konpromisoari eutsi dio" emakumeen futbola garatzeko.
Pedro Rocha presidenteari eskatu diote FIFAri eta UEFAri "Federazioaren izenean zuzendutako azken komunikazioa" berehala erretiratzeko (bileran izan dute horren berri).
Azkenik, aho batez eman diote babesa Pedro Rochari, etapa berri honen buru izan dadin, eta "futboleko erakunde guztiekin elkarrizketa eta adiskidetzea" bultzatzeko eskatu diote.