Gizartea -
INDARKERIA MATXISTA
Gizon batek bikotekidea hil du Granadan
Emakumearen gorpua hiriburuko etxebizitza batean aurkitu zuten atzo arratsaldean, ustezko hiltzailea hirugarren solairutik behera erori ostean.
EITB MEDIA
Gizon batek 37 urteko bikotekidea hil du Granadan, Genero Indarkeriaren aurkako Gobernu Ordezkaritzak baieztatu duenez. Emakumearen gorpua igande honetan aurkitu dute Granadako hiriburuko etxebizitza batean, ustezko hiltzailea hirugarren solairutik behera erori ondotik.
17:30 aldera, larrialdi zerbitzuek 30 eta 40 urte bitarteko gizon bat balkoi batetik behera erori zela ohartarazteko hainbat dei jaso zituzten. Itxura guztien arabera, gizonak emakumea hil, eta bere buruaz beste egin zuen.
Agenteak bertaratu zirenean, gizonaren etxebizitzara igo ziren, atea indarrez ireki zuten eta barruan emakume bat hilik topatu zuten, arma zuriz egindako zauriekin. Hasiera batean bi hildakoak anai-arrebak zirela esan bazen ere, ikerketako iturriek baieztatu dute aspaldidanik zutela bikote harremana.
Biktimak ez zuen seme-alaba adingaberik, eta ez zuen aurretik ustezko erasotzailearen aurkako genero-indarkeriagatiko salaketarik jarrita.
Gainera, Genero Indarkeriaren aurkako Gobernuaren Ordezkaritzak beste hilketa matxista kasu bat baieztatu du gaur, irailaren 3an Palamosen (Girona) ustez bere bikotekideak hil zuen 71 urteko emakumearena.
Hala, urtea hasi zenetik 44 emakume hil dituzte jada beren bikotekideek edo bikotekide ohiek Estatuan, 2003tik 1.228.