Gizartea -
Mugikortasuna
Diseinu fasean dagoen Bilboko Emisio Gutxiko Eremua pixkanaka jarriko da martxan
Hala jakinarazi du Nora Abete Mugikortasuneko eta Iraunkortasuneko zinegotzi eta Bilboko Udaleko bigarren alkateordeak, Mugikortasunaren Astearen barruan egin den mahai-inguruan.
Agentziak | EITB Media
Bilboko Udala lanean ari da Europako Batasuneko Klima Aldaketari eta Trantsizio Energetikoari buruzko Legeak 50.000 biztanletik gorako hiri guztietan ezarriko duen Emisio Gutxiko Eremua diseinatu eta arautzeko. Bizkaiko hiriburuan pixkanaka jarriko da martxan.
Hala jakinarazi du Nora Abete Mugikortasuneko eta Iraunkortasuneko zinegotzi eta Bilboko Udaleko bigarren alkateordeak, Mugikortasunaren Astearen barruan egin den mahai-inguruan. Mahai-inguru horretan, Emisio Gutxiko Eremuei (EGE) eta horiek ezartzearen onurei buruz eztabaidatu da.
Abetek bere hitzaldian azaldu duenez, Bilboko Udalaren helburua ez da hiriko trafikoa murriztea, baizik eta "airearen kalitatea eta, beraz, pertsonen osasuna hobetzea", eta EGE pixkanaka ezarriko da.
Diseinuaren hasierako fasea
Zinegotziak azpimarratu duenez, egun Bilboko etorkizuneko emisio gutxiko eremua izango denaren diseinuaren hasierako fasean ari dira lanean, Bilbon dabiltzan ibilgailuen xehetasunei buruzko ahalik eta informazio gehien bilduz edo hiriko airearen kalitatearen mapa eginez, bai eta hura arautuko duen udal-ordenantza ere.
"Helburua ez da ibilgailuen joan-etorria mugatzea -zehaztu du-; horregatik, EGE ezartzearekin batera beste neurri osagarri batzuk hartu behar dira, hala nola ibilgailu elektrikoa sustatzea, oinezkoentzako espazioak jartzea, horiek birnaturalizatzea edo etxebizitzetako galdaretan erregai fosilen aldaketak bultzatzea".