Gizartea -
Hamas-Israel gerra
Euskadin dira dagoeneko Israeldik ebakuatutako hainbat herritar
Atzo Israeldik hegazkin militarrean ebakuatu zituzten 20 turista bilbotarrak gaur goizean iritsi dira Loiuko aireportura. Lander Cerrillo 24 urteko dantzari donostiarra ere etxean da.
EITB MEDIa
Asteazken goizean heldu dira Bilboko aireportura atzo Israeldik hegazkin militarrean ebakuatu zituzten 20 turista bilbotarrak, eta Lander Cerrillo Beerseban bizi den 24 urteko dantzari donostiarra ere Donostiako areportura iritsi da.
Israeldik ebakuatutako hainbat euskal herritar zeramatzan hegazkina 04:30ean heldu da Espainiako Defentsa Ministerioak Torrejon de Ardozen (Madril, Espainia) duen base militarrera. Hegazkina 01:00ak aldera atera zen Tel Avivetik (Israel).
Tartean ziren Bilboko 20 bat turista eta Lander Cerrillo dantzari donostiarra. Guztira, lehen abioi horretan Espainiako nazionalitatea daukaten 200 pertsona atera dituzte gatazka eremutik; aurki, bigarren bat irtengo da Israeldik.
Defentsa Ministerioak A330 motako bi hegazkin bidali zituen atzo Ekialde Hurbileko herrialdera. Ministerioaren arabera, espainiar nazionalitatea duten 500 herritar inguru zeuden Israelen gerra lehertu zenean, batzuk turismoa egiten eta beste batzuk lanean.
Bien bitartean, ez dago berririk Ivan Illarramendi Kissufim kibbutzean (Gazatik bi kilometro eskasera) bizi den eta larunbatetik desagertuta dagoen euskal herritarren inguruan. 46 urteko bilbotarra bikotekidearekin zegoen asentamenduan, eta, Hamasek erasoaldia egin zuenetik, familiak ezin izan du harekin harremanetan jarri.
Desagertzeaz galdetuta, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak atzo adierazi zuenez, "komunikabideetan atera den informazioaz gain" Jaurlaritzak ez du bestelako daturik. Zupiriaren esanetan, "etengabeko harremanetan" dira Atzerri gaietako Ministerioarekin eta Espainiak Tel Aviven duen enbaxadarekin.