Gizartea -
Israel-Hamas gerra
Eibarzale bat Ipuruatik kanporatu dute Palestinako bandera bat erakusteagatik
Ertzaintzak Ipuruatik kanporatutako zale armaginari isuna jartzeko proposamena egin du. Klubeko segurtasun pribatuak ikusleari esan zion bandera gorde behar zuela. Ikuslearen ezezkoaren aurrean, Eibarreko segurtasunak Ertzaintza bertaratzea eskatu zuen.
EITB Media
Ipuruan Eibar eta Huescaren arteko partida ikusten ari zen zale bat zelaitik bota dute Palestinako bandera bat erakusteagatik.
Eibarko zelaiko segurtasunak, Ertzaintzako agenteen laguntzarekin, estadiotik bota du zalea.
Gainera, Ertzaintzak Ipuruatik kanporatutako zale armaginari isuna jartzeko proposamena egin du, Segurtasun Sailak jakitera eman duenez.
Iturri berak azaldu duenez, klubeko segurtasun pribatuak ikusleari esan zion Palestinako bandera gorde behar zuela. Ikuslearen ezezkoaren aurrean, klubaren segurtasunak Ertzaintza bertaratzea eskatu zuen, iturriek azaldu dutenez.
Zelaira bertaratutako ertzainek bandera gordetzeko egindako eskaerei "behin eta berriz entzungor" egin zienez, Ertzaintzak akta bat ireki zion zaleari, Kirolaren Legearen arabera, administrazio-zehapena dakarrena.
Zehapen-proposamena Espainiako Kirol Erakundeari igorriko zaio, eta horrek gertakariak aztertuko ditu eta emaitzak Eusko Jaurlaritzari bidaliko dizkio. Eusko Jaurlaritzak erabakiko du zehapena "isunean geratuko den edo zelaian sartzeko debekua ere jasoko duen", zehaztu dute iturriek.