Gizartea -
Indarkeria matxista
Jarduneko militar batek 37 urteko emaztea hil du itota
Emakumea ospitalean zendu da astelehenean, senarrak eraso egin eta bi egunera.
Agentziak | EITB Media
37 urteko emakume bat hil da astelehen honetan Gregorio Marañon ospitalean, Polizia iturriek jakitera eman dutenez. Joan den larunbatean, Vallecas barrutian, bere senarrak, jarduneko Lurreko Armadako kapitain batek, ito egin zuen.
Espainiako Poliziak gau horretan bertan atxilotu zuen 42 urteko gizona, bere etxean, erasoaren berri izan ondoren; senar-emazteen bi semeak ere bertan zeuden.
Hiltzaileak, Lurreko Armadako kapitainak, 112 zenbakira deitu zuen 18:49ak aldera, emaztea hil zuela eta seme-alabak Colonia Erillas kaleko etxebizitzan zeudela ohartarazteko.
Udaltzaingoa eta Espainiako Polizia etxera iritsi zirenean, emakumea konorterik gabe zegoen, itomen-zantzuekin, eta agenteek bihotz-biriketako bizkortze-lanak egin zizkioten, Summa 112 eta Samur iritsi arte. Horiek maniobrekin jarraitu zuten.
Biktima suspertzea lortu ondoren, larri eraman zuten Gregorio Marañon ospitalera, eta bertan hil da gaur, astelehenean.
Aipatu iturrien arabera, haurrak egoera onean daude eta senide baten ardurapean geratu dira. Madrilgo Espainiako Poliziaren Buruzagitza Nagusiko Hilketa taldeko agenteek gertakaria ikertzen jarraitzen dute.
Dagoeneko 53 emakume hil dituzte aurten gizon matxistek Espainiako Estatuan. Hilketa matxista horien ondorioz, 53 adingabe umezurtz geratu dira, 430 2013tik, zenbaketa ofiziala hasi zenetik. Gainera, aurten bi adingabe hil dituzte, 50 2013tik.