Gizartea -

Mobilizazioa

Palestinaren kontrako genozidioa amaitzeko eskatu dute Gernika-Lumon, giza irudi erraldoia osatuta

Milaka pertsonak palestinar herriari elkartasuna adierazi eta nazioarteari gatazkan esku hartzeko galdegin diote: "Munduak eta historiak ezin dute Gernika berri bat onartu".

Pasealekuan, garai batean azoka zegoen tokian, egin dute mobilizazioa. Argazkia: EFE
Gernika-Lumoko Pasealekuan, garai batean azoka zegoen tokian, egin dute mobilizazioa.
Giza mosaiko erraldoia egin dute Gernikan Palestinako herriaren alde

0:41

E. G. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

1937ko apirilaren 26 hartan bezala, sirena hotsak entzun dira gaur Gernika-Lumon (Bizkaia). Gaurkoan, baina, bonbardaketa arriskuaz ohartarazteko baino, beste sarraski bat salatzeko baliatu dituzte: Palestinaren kontrako genozidioa.

Gernika-Palestina herri-ekimenak deituta, mobilizazio jendetsu eta koloretsua egin dute Bizkaiko udalerriko lekurik esanguratsuenean, behinola azoka hartzen zuen Pasealekuan. Ehunka lagunek giza mosaiko erraldoia osatu dute, Palestinako bandera eta Pablo Picassoren "Guernica" margolanaren zati bat irudikatuz. Palestinar herriari elkartasuna adierazi eta nazioarteari gatazkan esku hartzeko galdegin diote bertara joandako 3.000 lagunek. 

Gernikan egindako mosaikoa. Argazkia: EFE

Gernikan egindako mosaikoa. Argazkia: EFE

Giza irudia osatu ondoren, elkartasun ekitaldia egin dute. Euskal Herriko eta Palestinako hainbat pertsonak hartu dute hitza. Azpimarratu dutenez, "munduak eta historiak ezin dute Gernika berri bat onartu". "Gernikatik, gizateriaren historiako ankerkeria guztien artean bereziki zorigaiztokoa den leku batetik, herritar palestinarren aurkako etengabeko sarraskia bukatzeko eskatzen dugu", gaineratu dute.

Horien hitzetan, Gernikako bonbardaketan bizi izan zenaren ondoren "ezin da herri bat gehiago suntsitu" eta "ezin da Palestinan gertatzen ari dena onartu". Zentzu horretan, Israelen erasoen ondorioz herri palestinarra jasaten ari den "sarraskia" salatu dute. 16.000 pertsonatik gora hil dituzte, "gehienak haurrak".

Eñaut Elorrietak okasiorako ondu duen kanta ere entzun ahal izan da: "Gernikan, Gazan", Ken Zazpiren "Gernikan" abestiaren moldaketa, Ikrame Benzyane abeslari palestinarra lagun duela.

Gernika-Palestinak antolatutako ekitaldia. Argazkia: EFE

Gernika-Palestinak antolatutako ekitaldia. Argazkia: EFE

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gernikako bonbardaketa Zer gertatzen ari da munduan? Zer gertatu da gaur Bizkaian? Gernika-Lumo Gazako bideoak Gizartea bideoak Gaurko titularrak Gaurko azken ordukoa Israel Palestina Eskubide unibertsalak Ekialde Hurbila