Gizartea -
Pelleten isuria
Euskal kostaldera iritsitako plastikoen azterketak ez du baieztatu Galiziatik iritsitako pelletak direnik
Itsasertzaren Aholku Batzordeak erabaki du, bestalde, larrialdi plan berezia alerta egoeran uztea, ez baitago larrialdi fasera igarotzeko arrazoirik.
EITB MEDIA
Euskal kostaldera heldutako plastikoekin AZTIk eta Gaikerrek egindako azterketak ez du baieztatu Galiziatik iritsitako pelletak direnik, Josu Erkoreka lehen lehendakariorde eta Segurtasun sailburua buru izan duen Itsasertzaren Aholku Batzordearen bilera osteko agerraldian jakinarazi dutenez.
Bestalde, goizean Bilbon egin duten batzarrean erabaki dute larrialdi plan berezia alerta egoeran uztea, ez baitago larrialdi fasera igarotzeko arrazoirik.
"Eskuarki Euskadiko hondartzetan eta uretan aurkitzen ez dugun kontaminatzaile bat da, dentsitate handiko polietileno bat. Dena den, ezin dugu jakin polietileno horrek duen gehigarri portzentajea, eta, beraz, ezin dugu ondorioztatu Galiziako isuritik datorrenik", esan dute.
"Batez ere Bizkaiko kostaldean jaso ditugu laginak, baina oso gutxi dira, eta denbora luzez hondarra ukitzen egon diren plastikoak dira", erantsi dute.
Horregatik, nabarmendu dute, baliteke normalean itsasoan aurkitzen ez diren laginak izatea, nahiz eta ezin duten baztertu Toconao ontziaren isuritik datozenik. "Ez datoz turrustan, hori dela eta, kasik ezinezkoa da nondik datozen jakitea", adierazi dute. Dena den, arrantzan eraginik ez dutela azpimarratu dute, orain arte bezala arraina kontsumitzen jarrai dezakegulako.
AZTIk, bere aldetik, mahai batera deitu ditu Jaurlaritza eta aldundiak, gaiaren jarraipena egiteko asmoarekin.
Bizkaiko hondartzetara ez da plastiko gehiagorik heldu
Bizkaiko Foru Aldundiak esan du ez dutela nabari Bizkaiko hondartzetan aurkitutako pelet edo plastiko kopurua handitu denik, "oso gutxi baitira eta oso sakabanatuta baitaude". Bizkaian, Arenan (Muskiz) eta Sopelan aurkitu dituzte pinportak.
Donostian ez dute pelletik aurkitu
Donostiako Ekologia zinegotzi Marisol Garmendiak baieztatu du Udalak ez duela Donostiako hondartzetan Galiziatik iritsitako plastikorik antzeman.
Komunikabideen aurrean egindako adierazpenetan, Garmendiak ziurtatu du garbiketa zerbitzuak hondartzak miatzen aritu direla, eta ez dutela pinportarik aurkitu.
"Hiru Anaiak" eta "Rokillo" ontzien aurkezpena
Bihar aurkeztuko dituzte Santurtzin itsasoan pelletak jasotzen arituko diren "Hiru Anaiak" eta "Rokillo" ontziak. Itsasertza ekimenaren parte dira ontziok, eta helburu dute pelleten iritsierak euskal kostaldean ekar lezakeen krisia arintzea.