Gizartea -

Osasun Ministerioaren plana

Nafarroak ñabardurekin bat egin du tabakoaren aurkako egitasmoarekin, eta EAEk gaur argituko du bere jarrera

"Logikoki, ezin dugu aurka egin, estrategiaren alde orokorrekin ados gaudelako", esan du Nafarroako Osasun kontseilariak, "baina ezin dugu aldeko boto argirik eman, informazioa falta baita", zehaztu du.

Tabako-denda bat. Argazkia: EFE
Tabako-denda bat. Argazkia: EFE
Tabako-denda bat. Argazkia: EFE

Agentziak | EITB media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nafarroak 2024-2027 Tabakismoa Prebenitzeko eta Kontrolatzeko Plan Integralarekin bat egingo du, baina "tentu handiz". Bestalde, Euskadik ez du bere jarrera ostiral honetara arte argituko.

"Logikoki, ezin dugu aurka egin, estrategiaren alde orokorrekin ados gaudelako", esan du Fernando Dominguez Nafarroako Osasun kontseilariak, "baina ezin dugu aldeko botorik eman, informazioa falta baita", zehaztu du.

Dozena bat erkidegok ez dute bozkatu ostegun honetan plana erabat edo partzialki babestea, Osasun Ministerioak egitasmoa onartzeko erabilitako prozedurarekin bat ez datozelako.

Soilik Kataluniak, Kanariar Uharteek, Euskadik, Nafarroak eta Asturiasek ez diote uko egin jarrera zehazteari, Ministerioko eta kontseilaritzetako iturriek jakitera eman dutenez; gainerakoek ez dute botorik eman, erabilitako prozedurarekin ados ez daudelako.

Ministerioak egitasmoa lankidetza-akordio baten bidez onartzea erabaki du. Akordio horrek esan nahi du erkidegoek erabat edo partzialki babestu dezaketela plana, eta zehaztu egin behar dute zein puntuekin ez dauden ados.

Erretzaile bat. Argazkia: EFE

14:00ak arte zuten horretarako epea, baina, nolanahi ere, kontseilariek ostiral honetan erkidegoen azken hitza emango dute. Hala ere, "PPk babesten ez badu ere", egitasmoak aurrera  egingo duela ohartarazi Javier Padilla Estatuko Osasun idazkariak duenez.

Behin betiko testuan, Osasun Ministerioak erkidegoek aurkeztutako zuzenketen % 94 sartu ditu, baina Galiziak, Madrilek edo Aragoik eskatzen zuten kerik gabeko guneen autoerregulazioa baztertu du, "oso gaizki funtzionatzen" duela egiaztatu delako, Pedro Gullon Osasun Publikoko zuzendari nagusiak adierazi duenez.

Era berean, Ministerioak ez ditu onartu "Philip Morrisen argudioetatik zuzenean" ateratako proposamenak ematen zutenak, hala nola lurrungailuak erretzeari uzteko tresna gisa erabiltzea. "Gol bat sartu nahi digu industriak, eta nonahi saltzen jarraitzea. Eta hori ez da gertatuko", ohartarazi du Gullonek.

"Pribatua" kontzeptuaren ordez "erabilera kolektiboko espazioa" jartzea, aldiz, onartu du Espainiako Gobernuak. Izan ere, horrek kezka sortzen zuen zenbait komunitatetan, autoak bezalako lekuak sartzea adibidez. Gullonek aitortu du "zaila" dela, "jabetza pribatuak direlako; beraz, 'autozuzenketa' baten modukoa egin dugu".

Osasun Ministerioari, "jakina", gustatuko litzaioke etorkizuneko lege-erreforma gidatuko duen plana guztien adostasunarekin onartzea, baina ez atxikitzea erabakitzen duten erkidegoei ohartarazi die "oso zaila" izango dutela zergatik ez duten egiten justifikatzea, "teknikarien, elkarte zientifikoen, gizartearen eta, ziurrenik, boto-emaileen irizpidearen aurka".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Nafarroa Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Drogak Espainiako Gobernua Espainia Minbizia Gaixotasunak Gizartea Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua Osasun albisteak Kontsumoari buruzko albisteak Merkataritza Elikadura osasungarriari buruzko albisteak