Gizartea -
Titular nagusiak
Albiste izango dira: Araceli Tamayoren aberriratzea, Sanchez Kongresuan eta Genero berdintasunaren indizea
Gaurkoan albiste izango direnen laburpena, bi hitzetan.
EITB MEDIA
Honako gai hauek hartuko dituzte gaur, 2024ko maiatzaren 22an, hedabideetako lerroburu nagusiak:
- Araceli Tamayoren aberriratzea: Afganistango atentatuan larri zauritutako emakume bilbotarra gaur ekarriko dute Bilbora, eta haren aseguru-etxeak ordainduko ditu hegazkinaren kostuak. Senideek EITBri jakinarazi diotenez, Araceli "egora larrian" dago eta gaur itzuliko da bere hirira, oraindik izapideak betetzen ari direlako. Bueltan ekarriko duen hegazkina Kabuletik Samsunera (Turkia) joango da lehenengo; bertan gasolina hartu eta Bilboko Aireportura abiatuko da. Segur aski, Basurtun ospitaleratuko dute, baina bere osasun egoeraren arabera, beste ospitale batera eraman dezakete.
- Sanchez Kongresuan: Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentea Kongresuaren osoko bilkurara joango da gaur, berak hala eskatuta, Europako Kontseiluaren azken ezohiko bilera azaltzeko. Halaber, Estatu palestinarraren aitortza noiz egingo duen iragarriko du, eta Begoña Gomez bere emaztearen ustezko ustelkeria kasuari lotutako azalpenak emango ditu, hain zuzen ere, Espainiako eta Argentinako Gobernuen arteko krisi diplomatikoa gori-gori dagoenean. Osoko bilkura 09:00etan hasiko da.
- Genero berdintasunaren indizea: Eustat Euskal Estatistika Institutuak Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) genero berdintasunaren indizearen berri emango du. 2022ko maiatzean argitaratutako azken datuen arabera, EAEko indizea 100etik 73,1 puntutan zegoen. Adierazle sintetiko bat da eta oraindik gizonen eta emakumeen artean dauden desberdintasunak haien ongizateari eta norberaren garapenari eragiten dieten alderdi garrantzitsu batzuetan laburbiltzen ditu.