Gizartea -
Indarkeria matxista
Kanboko emakume bat taldean bortxatzeagatik atxilotutako hiru gizonei bihar arte luzatu diete atxiloaldia
Eraso matxista salatzeko elkarretaratzea deitu du Ipar Euskal Herriko Itaia talde feministak gaur arratsalderako (19:00), Kanboko herriko etxearen aurrean.
EITB MEDIA
Kanboko (Lapurdi) emakume bati taldean sexu eraso egitea egotzita, atxilotutako hiru gizonei bihar arte luzatu diete atxiloaldia. Akizeko (Landak) polizia-etxean dituzte igandetik.
Emakumeak salatu zuenez, hiru gizonek gela batean giltzapetu zuten, eta arma baten mehatxupean, eraso egin zioten. Antza, biktimak harremanetarako aplikazio baten bidez ezagutu zuen erasotzaileetako bat. Harekin elkartzean beste bi gizonak ere bertaratu ziren. Erasotzaileek lo hartu zutenean egin zuen ihes biktimak.
Ipar Euskal Herriko Itaia talde feministak elkarretaratzea deitu du gaur arratsalderako (19:00). Kanboko herriko etxearen aurrean biltzeko deia egin dute talde feministatik.