Gizartea -
TITULAR NAGUSIAK
Albiste izango dira: Eneritz Argintxonaren heriotzaren ikerketa, Ekialde Hurbila, eta protestak Venezuelan
Gaurkoan albiste izango direnen laburpena, bi hitzetan.
EITB MEDIA
Honako gai hauek hartuko dituzte gaur, 2024ko abuztuaren 1ean, hedabideetako lerroburu nagusiak:
- Eneritz Argintxonaren heriotza argitzeko ikerketa: Panamako agintariak homizidio gisa ikertzen ari dira Ameriketako herrialde horretan hilda aurkitu duten Eneritz Argintxona 30 urteko emakume bizkaitarraren kasua. Oraingoz inor atxilotu ez badute ere, ustezko egileen inguruko zantzuak aurkitu dituztela baieztatu du Bocas del Toroko Fiskaltzak. Emakumea buruan jasotako kolpe baten ondorioz hil zela argitu du autopsiak.
- Tentsioa gora, Ekialde Hurbilean: Israelek beste urrats bat eman du Ekialde Hurbileko gatazkan Ismail Haniyeh Hamaseko buruzagi politikoaren hilketarekin, Teheranen. Orain arte inork ez du bere gain hartu hilketa, baina Iranek bezala, Libano, Siria eta Palestinako ordezkariek Israeli egotzi diote. Hamasen beso armatuak ohartarazi duenez, hilketak "borroka dimentsio berrietan darama eta ondorio handiagoak izango ditu". Iranek ere ohartarazi du Israelen okupazioa "hilketa koldarraz damutuko" dela.
- Protestak Venezuelan: 1.200 pertsona baino gehiago atxilotu dituzte Venezuelan, presidentzia aukeratzeko igandeko hauteskundeen ostean herrialde osoan zabaldu diren protestetan. Hala adierazi du Nicolas Maduro Venezuelako agintariak. Hauteskunde Kontseilu Nazionalak Maduroren garaipena aldarrikatu du, baina oposizioa kalera atera da hauteskundeetan "iruzurra" izan dela salatzeko.