Gizartea -
Donostia
Zerbitzutik kendu dute emakume gisa erregistratu ostean emazteari eta alabei eraso egiten saiatu zen ertzaina
Ikertzaileak genero indarkeria gisa auzipetzearen aldekoak dira, eta hala adieraziko dute Fiskaltzaren eta instrukzio epaitegiaren aurrean.
agentziak | eitb media
Segurtasun Sailak zerbitzutik kendu du emakume gisa erregistratu ostean emazteari eta alabei labana batekin aurreko larunbatean eraso egiten saiatu zen ertzaina, Bingen Zupiria sailburuak jakainarazi duenez.
Era berean, Zupiriak, Radio Bilbao irratian egindako elkarrizketa batean, esan du nahiz eta agenteak genero aldaketa egin zuen eta emakume gisa agertzen den, ikertzaileak genero indarkeria gisa auzipetzearen aldekoak direla, eta hala adieraziko dutela Fiskaltzaren eta instrukzio epaitegiaren aurrean.
Zupiriaren esanetan, agenteak ustez egindakoa "oso larria" da, genero indarkeria gisa auzipetu, egilea gizon bat dela erabakita, ala etxeko indarkeria gisa auzipetu, emakume gisa ari zela erabakita, ebatzi gorabehera.
Trans legea indarrean sartu ostean baldintzarik gabe egin daitekeen genero aldaketari buruz Zupiriak soilik esan du gizartean eztabaida piztu dela.
Fiskaltzak tratu txarren zantzuak atzeman ditu
Fiskaltzak genero indarkeriaren zantzuak atzeman ditu, eta indarkeria hori ertzainak erregistroan genero aldaketa eskatu aurretik gertatu zela uste du Fiskaltzak, eta hortaz, auzia Genero Indarkeriaren Auzitegiaren esku uztea eskatuko lukete.
Juan Calparsoro Gipuzkoako fiskalak EITBri atzo azaldutakoaren arabera, oraingoz ertzaintzako agente horri sexu-aldaketa onartu zion erregistroak. Ofizialki emakume bat denez, indarkeria domestikoa da inputatu diezaioketen delitu bakarra.