Gizartea -
Nazioarteko aldarrikapena
Emakumeen aurkako indarkeria, beldurrak bizitza hartzen duenean
2007tik, egunean, batez beste, 360 salaketa egin dira tratu txarrengatik. Gizarteak eskua luzatuko die biktimei gaur, Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako Egunean.
A. A.
XXI. mendean, munduak Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako Eguna aldarrikatu behar du oraindik ere. Egia latza datuek erakusten dute. 2012an, dagoeneko 42 emakume hil dituzte. Osasun, Gizarte Zerbitzu eta Berdintasun Ministerioak iaz baino 13 gutxiago direla esan du, baina gizartea kalera aterako da azaroaren 25 honetan Emakumeen kontrako Indarkeriaren aurkako Nazioarteko Eguna aldarrikatzeko.
Azken biktima, Leoneko emakume bat izan da; 53 urteko bikotekideak hil omen zuen eta gero zatitu eta maletetan gorde duela aitortu zuen. 2012an hil dituzten 42 emakumeetatik zazpik bakarrik jarri zuten salaketa. Erakundeek tratu txarrak salatzea sustatzeko kanpainak egin arren, gaitz horrekin amaitzeko erantzukizuna gizarte osoak izan behar du, indarkeria matxistaren "isiltasun konplizearekin amaitzeko", Ana Mato ministroaren hitzetan.
Krisi ekonomikoa
Beldurraz, mehatxuez eta irainez gain, krisi ekonomikoak ere eragina du tratu txarrak pairatzen dituzten emakumeek horiek ez salatzeko. Adecco Fundazioak egin duen txosten baten arabera, biktimen % 64k ez du indarkeria salatzen lanik topatzen ez badu, aurrera jarraitzeko ahalmenik ez izateak beldurtzen duelako. Gainera, datu horien arabera, krisiak tratu txarrak denboran luzatzea eragin dezake, eta enplegua "gaitz horri aurre egiteko ezinbesteko tresna da".
2007. urtetik, 735.730 salaketa jarri dituzte. Hau da, egunean, batez beste, 360 salaketa egin dituzte.
84.935 kasutan, emakumeek prozesuarekin aurrera ez jarraitzea erabaki zuten (salaketa guztien % 11,5). Gainera, eta batez ere 2009tik, % 29k salaketarekin aurrera ez jarraitzea erabaki dute, Emakumeen aurkako Indarkeria Matxistaren Behatokiaren arabera.
Atzera egiteko arrazoiak asko izan daitezke, baina biktimak erasotzailearekin duen dependentzia emozionala edo ekonomikoa, eta familiaren edo gizartean presioa dira nagusi. Hori dela eta, beharrezkoa da babes ekonomikorako sare sozial bat sortzea; izan ere, ordainsaria ez da bizitza berri bat hasteko nahikoa izaten.
Babesa eta prebentzioa
Alderdi Sozialistak indarkeria matxistagatik hiltzen diren emakumeen seme-alaben erregistro bat egitea eskatu du. Horrela, behar izango dituzten osasun, psikologia eta hezkuntza premiak eta hartu beharreko neurriak jakingo dituzte.
Azken zazpi urteetan, epaitegiek 236.686 urruntze agindu eman dituzte: 14.496 neurri zibil adingabeko seme-alaben jagoteari buruzkoak izan ziren; 6.932, seme-alaben bisita-erregimenari buruzkoak; eta 709, guraso-agintea bertan behera uzteari buruzkoak.
Hala ere, Behatokiaren aburuz, indarkeria matxistaren biktima ez dira bakarrik emakumeak. Seme-alabek ere gaitz hori pairatzen dute. Hortaz, neurri zibil horiek adingabeek tratu txarrak ematen dituzten aita horien jarrera ez errepikatzeko "aproposak" izan litezke.
Emakumeei tratu txarrak ematea leporatutako adingabeen kopuruak % 23,7 gora egin zuen 2007tik 2011ra, Behatokiaren datuen arabera, eta, epe horretan, 778 adingabe epaitu zituzten. Aurtengo lehen seihilekoan, 81 adingabe izan dira epailearen aurrean.
Euskal Udalak
Euskal Autonomia Erkidegoko Udalek ere Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako Egunarekin bat egin dute. Beldur Barik! programaren baitan, kanpainak herrietako Gobernuek berdintasunarekin eta emakumeen kontrako indarkeriaren aurkako borrokarekin duen konpromisoa erakutsi nahi du.
Udalek gazteak kontzientziatzeko eta sentsibilizatzeko duten konpromisoa ere jaso dute aurtengo deklarazioan.
Munduaren ikuspegia aldatu
"Aldaketa posible da eta dagoeneko hasi da", adierazi du NBE-Emakumeak elkarteko Aliantza Estrategikoen Dibisioko zuzendariak, Kristin Hetlek. Horren arabera, dagoeneko 125 herrialdek indarkeria matxista legez kanpokotzat jo dute, eta 117tan soldata berdintasunerako legeak dituzte.
NBE-Emakumeak nazioarteko erakundearen Genero Berdintasunerako elkartearen arabera, 186 herrialdek emakumeen era guztietako diskriminazioak baztertzeko hitzarmenarekin bat egin dute, eta 115ek eskubideen berdintasuna bermatzen dute. Horrez gain, 139 herrialdek genero berdintasuna bermatzen dute.