Mundua -

5 urte gehiago

Raul Castrok bere azken agintaldia izango dela iragarri du

Kubako presidenteak iragarri du Konstituzioan aldaketak egingo dituela kargu publikoetan gehienez ere 10 urte eman ahal izateko eta karguak betetzeko gehienezko adina ezartzeko.

Raul Castro Kubako Asanblea Nazionalean. Argazkia: EFE
Raul Castro Kubako Asanblea Nazionalean.
Raul Castro Kubako Asanblea Nazionalean. Argazkia: EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Raul Castro Kubako presidenteak bigarren agintaldia hasi du gaur, eta azkena izango dela iragarri du bere hitzaldian. Halaber, aurreratu du Konstituzioan aldaketak egingo dituela kargu publikoetan gehienez ere 10 urte eman ahal izateko, eta karguak betetzeko gehienezko adina ezartzeko.

"Konstituzioa noiz aldatzen den albo batera utzita, hau izango da nire azken agintaldia" adierazi du Raul Castrok Biltzar Nazionalaren aurrean, berriz ere presidente izateko hautatu dutenean.

Miguel Diaz-Canel izango da Kubako bigarrena, Estatu Kontseiluko lehen presidenteordea izateaz gain, Ministro Kontseiluko kidea ere izango baita. "Estatuko boterearen tontorrean batasuna zaindu behar dugu, gobernuaren jarraipena eta nazioaren egonkortasuna bermatzeko", adierazi du Raul Castrok.

Kubako presidentearen iritziz, "erabaki historikoa da", eta "herrialdearen etorkizuna eratzeko pauso garrantzitsua da, pixkanaka-pixkanaka belaunaldi berriei botere karguak emanez". "Prozesu hori datozen bost urteetan gauzatuko da", gaineratu du.

Konstituzioan egingo dituzten aldaketei dagokienez kargudunek gehienez ere bost urteko bi agintaldi egin ahalko dituztela eta kargu horiek betetzeko gehienezko adina ezarriko dutela esan du.

Raul Castro 2008ko otsailean izendatu zuten formalki Kubako presidente, baina bi urte lehenago hartu zuen herrialdearen gidaritza, Fidel Castro anaia gaixotu zenean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea