Mundua -
Protestak Turkian
Istiluak izan dira Istanbulen, Taksim eta Gezi jendez hustu ostean
Poliziak operatibo handia prestatu du Taksim plazaren inguruan: ingurua hesituta daukate eta ez diote inori gerturatzen uzten.
Erredakzioa
Larunbat arratsaldean, Turkiako Poliziak jendez hustu zituen Istanbuleko Taksim plaza eta Gezi parkea, eta igande goizaldera arte istiluak izan dira Poliziaren eta manifestarien artean Istanbulen eta Turkiako beste hainbat hiriburutan.
Poliziak operatibo handia prestatu du Taksim plazaren inguruan: ingurua hesituta daukate eta ez diote inori gerturatzen uzten. Turkiako jendarmeriako kideak Istanbuleko kaleetan dabiltza, istiluak hasi zirenetik lehen aldiz.
Indarkeriari dagokionez, azken bi asteetako gau txarrena izan da, Turkiako hedabideen arabera.
Poliziak Taksim plaza eta Gezi parkea jendez hustu ondoren, istiluak izan ziren manifestarien eta Poliziaren artean. Parkean kanpatuta zeuden herritarrek handik ihes egin zuten Poliziaren indarkeriaren aurrean, baina geroago jende multzo bat elkartu eta barrikadak egin eta sua piztu zuten inguruko kaleetan.
Istanbulen, milaka herritar atera dira kalera goizaldean eta Taksim plazara iristen ahalegindu dira. Poliziak ingurua hesituta zeukan ordea.
Taksim eta Gezi hustu zituztela laster zabaldu zen Turkia osoan, eta herritarrak kalera atera ziren Ankara hiriburuan eta beste hainbat hiritan.
Bere nahiak betetzeko herria zanpatzea egotzi diote Taksimeko ordezkariek Recep Tayyim Erdogan Turkiako lehen ministroari. "Parkean zeuden emakumeen, haurren eta adineko pertsonen kontrako indarkeria gaitzesten dugu", adierazi dute ohar bidez. Salatu dutenez, hainbat zauritu eta atxilotu izan dira Poliziarekin izandako enfrentamenduetan. Horien ustez, erasoa justifikaezina da, Gezi parkean zeuden pertsonak protesta bertan behera utzi ala ez eztabaidatzen ari baitziren.
Hüseyin Avni Mutlu Istanbulgo gobernadoreak jakinarazi duenez, gutxienez 46 pertsona zauritu dira enfrentamenduetan.