Mundua -
Hegoafrika
Pistoriusen kontrako epaiketa martxoaren 3an hasiko da
Erabakia epaiketaren atariko saio batean iragarri dute. Pistorius bertan egon da, hedabideen artean ikusmin handia sortuta.
Erredakzioa
Oscar Pistorius kirolari hegoafrikarraren kontrako epaiketa 2014ko martxoaren 3tik 20ra egingo dute, Pretoriako Magistraritzako Tribunalak iragarri duenez. Pistoriusi Reeva Steenkamp neska-laguna hiltzea leporatzen diote.
Erabakia epaiketaren atariko saio batean iragarri dute. Pistorius bertan egon da, hedabideen artean ikusmin handia sortuta.
Entzunaldiak 15 minutu inguru iraun ditu eta hasieran Desmond Nair magistratuak akusatuari ondo zegoen galdetu dio. "Egoera zein den kontuan izanda, bai", esan du Pistoriusek. Atletak zenbait senideren babesa izan du epaitegian.
Ondoren, Gerrie Nel fiskalak epaiketa egiteko adostutako data iragarri du, 2014ko martxoaren 3tik 20ra, hain zuzen, eta Barry Roux defentsako abokatuak eta epaileak erabakia berretsi dute.
Fiskaltzaren alegatuak zortzi orri ditu eta 107 lekukoren izenak aipatzen dira. Guztiek epaiketan deklaratu beharko dute.
Magistratuak Pistoriusen baldintzapeko askatasunaren baldintzetan aldaketarik ez egitea erabaki du. Baldintzapeko askatasuna otsailaren 22an eman zioten, milioi bat rands-etako fidantzaren truke (78.000 euro).
Gertaera
26 urteko kirolariari Reeva Steenkamp 29 urteko modelo eta neska-laguna hiltzea leporatzen diote. Steenkampen gorpua otsailaren 14an aurkitu zuten, tirokatuta, Pretoriako korrikalariaren etxean.
Pistoriusek neska-lagunari tiro egin ziola onartu du, baina etxean ezezagun bat sartu zela iruditu zitzaiola argudiatuta.