Mundua -
Maria, 'Aingeru Ilehoria'
Greziako haurra Bulgariako bikote baten alaba dela baieztatu dute
DNA frogek guraso biologikoen identitatea berretsi dute. Gurasoek diotenez, haurra Greziako familia bati eman zioten.
Erredakzioa
Bulgariako Barne Ministerioak gaur baieztatu duenez, Greziako ijitoen kanpaleku batean aurkitutako 'Maria' ume ilehoriaren guraso biologikoak topatu dituzte; bikote Bulgariar bat.
Svetlozar Lazarov Bulgariako Barne Ministerioaren idazkari nagusiaren esanetan, DNA frogek gurasoen identitatea berretsi dute. Gurasoek diotenez, Grezian familia batentzat lan egiten egon zirenean, familia horrekin utzi zuten haurra.
"Sashka Rusevari eta Atanas Rusevi DNA frogak hartu zizkioten atzo. Gaur atera dira emaitzak eta, horren arabera, Sashka Rusev 'Maria ilehoria'ren ama da, eta Atanas Rusev, berriz, aita", azaldu du Lazarovek komunikabideen aurrean.
Halaber, Lazarovek jakinarazi duenez, ikerketa abian jarri zuten 2009an ama haurra Grezian saltzen saiatu zelakoan, baina Bulgariako Gobernuko kide horrek ez du xehetasunik eskaini, kasua Fiskaltzaren esku dagoelako.
Umearen amak, berriz, akusazioak errefusatu ditu, eta Greziako familia horri 'Maria' emateagatik ez zuela dirurik kobratu azpimarratu du.
Lazarovek ez du jakinarazi non dauden 'Maria'ren gurasoak, ezta atxilotuta dauden argitzea ere. Izan ere, hainbat komunikabidek argitaratu dutenez, Rusev familia Sofiara eraman dute.