Mundua -

Heriotza

Mundua negar-malkotan Mandelagatik

10 dolu-egun ezarri dituzte Hegoafrikan presidente ohiaren heriotzagatik. Halaber, Estatu hileta abenduaren 15ean izango da Johannesburg hiriko Soccer City estadioan.

Hegoafrika negarrez: Madiba agurtzeko, milaka lagun kalean

2:06

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nelson Mandelaren heriotzak mundu osoan zehar hedatu du atsekabea. Hegoafrikako presidente ohiaren aldeko Estatu hileta abenduaren 15ean izango da, igandean, Johannesburg hiriko Soccer City estadioan. Hil-kapera hilaren 11tik 13ra arte egongo da zabalik, Pretorian, Hegoafrikako Gobernuaren egoitzan, eta ehorzketa hileta egunean bertan egingo dute, Qunu herrian; izan ere, Mandela bertakoa zen. Datorren asteartean, berriz, elizkizun ofiziala egingo dute.

Bitartean, toki askotan eta pertsona askoren partez ari dira azaltzen errespetuko adierazpenak eta omenaldiak. Parisen ostiralean hasi den frantziar-afrikar goi-bileran omendu dute Mandela, eta Kuban dolu ofizialeko hiru egun ezarri dituzte. Mandelaren idazkariak, halaber, horren duintasuna eta pairamena nabarmendu ditu, eta esan du heroiak ez direla inoiz hiltzen. Kirolak ere bat egin du eta euren doluminak erakutsi dituzte zenbait kirolarik : Pelek, Joseph Blatterrek, Cristiano Ronaldok, Rafael Nadalek, Serena Williamsek edo Boris Beckerrek, besteak beste, euren tristura adierazi dute.

Mandelaren gorpua Pretoriako ospitale militar batera eraman dute (Hegoafrikako hiriburu administratiboa da Pretoria). Desmond Tutu artzapezpikuak meza bat ospatu du Lurmutur Hirian eta esan du espero duela Hegoafrika, herrialde bezala, "Madiba"ren parean egotea, bere mailan egotea. Kandelak eta larrosak jarri dituzte, bestalde, Johannesburg hiriko Soweto ghettoan zuen etxearen aurrean.

Halaber, 10 dolu-egun ezarri dituzte Hegoafrikan presidente ohiaren heriotzagatik. Horren harira, Barack Obama AEBetako presidentea hileta-ospakizunetan izango da, Etxe Zuriak ostiral honetan jakinarazi duenez.

Ostegun gauean iragarri zuen Jacob Zumak

Nelson Mandela Hegoafrikako presidente ohia hil da ostegun honetan Johannesburg hiriko bere etxean, 95 urte zituela. Jacob Zuma Hegoafrikako egungo buruak iragarri du Mandelaren heriotza, telebista eta irrati bidez nazioari zuzendutako adierazpen batean.

''Hegoafrikar maiteok. Gure Nelson Rohlihla Mandela maitea, gure nazio demokratikoaren sortzailea, hil egin da'', esan du Zumak. ''Bakean'' eta senitartekoak alboan zituela hil da Madiba.

Iragarpena egin baino hiru ordu lehenago herritarrez eta komunikabidez bete da Mandelaren etxe-ingurua.

''Gure herriak bere semerik onena galdu du'', esan du Zumak. ''Gure pentsamendua mundu osoan barrena Madiba bere egin duten milioika herritarrekin dago'', gaineratu du.

"Bagenekien egun hau iritsiko zela, baina ezerk ezin du arindu galera sakon eta iraunkor hau'', gaineratu du.

''Beste inork esplotatu edo jazarriko ez zaituen gizarte'' baten alde lan egin izana eskertu dio Hegoafrikako buruak Madibari, eta Bakearen Nobel sariduna elkartasunean gogoratzera deitu ditu herritarrak.

"Nelson Mandela handi egin zuena gizaki ere egin zuena izan zen. Gugan bilatzen duguna harengan ikusi genuen. Beti maiteko zaitugu Madiba. Bakean joan'', agurtu du Zumak.

Ekainaren 8an ospitaleratu zuten Mandela, biriki infekzio batek jota, eta egoera larriagotu egin zen ekainaren 23an. Ia hiru hilabetez ospitalean egon ondoren, etxera eraman zuten Madiba iraila hasieran. Bertan hil da ostegun honetan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea