Mundua -
Errepresioa
Gutxienez 31 atxilotu Istanbulen, Gobernuaren aurkako protestetan
Poliziak gas negar-eragileak eta urezko kanoiak erabili ditu manifestariak sakabanatzeko. Gobernuak ustelkeriarengatik eta eroskeriarengatik izandako salaketen ondorioz zeuden deituta manifestazioak.
Erredakzioa
Gutxienez 31 lagun atxilotu dituzte Istanbulen (Turkian), ostiralean izandako manifestazioetan. Gas negar-eragileak eta urezko kanoiak erabili ditu Poliziak, manifestariak sakabanatzeko, Gobernuak ustelkeriarengatik eta eroskeriarengatik izandako salaketen ondorioz deituta zeuden deituta protestetan. Recep Tayyip Erdogan lehen ministroaren dimisioa exijitzen ari dira horietan.
'Hurriyet' egunkariak argiratu duenez, manifestariak Istiklal etorbidean bildu dira, Taksim gunean, eta agenteek gas negar-eragilea eta urezko kanoiak erabili dituzte. Egunkariaren arabera, iragan ekainean izan ziren antzeko irudiak izan dira kalean, Gobernuaren aurka manifestazioak izan zirenean. Hainbat hedabidek esan dute agente batzuek gomazko balak erabili dituztela. Sare sozialen bitartez deitu dituzte manifestariak eta Gobernuaren dimisioa eskatzen dute, ustelkeria kasu batean murgilduta zeuden hiru ministrok dimisioa eman ostean.
"Eroskeria alde guztietatik, ustelkeria alde guztietatik" izan da manifestariek bota dituzten leloetako batzuk, Istanbuleko Gezi parkean hasi ziren protestaldiak gogoratuz, "Taksim toki guztietan, erresistentzia toki guztietan" lelopean. Gutxienez 24 lagun atxilotu dituzte, tartean orain arteko Barne eta Ekonomia ministroen semea, ustelkeriaren aurkako operazio batean.