Mundua -
Berlusconiren aurkako epaiketa
Berlusconi auzi-iheslaritzat jo dute epaiketaren lehen egunean
2008an Romano Prodiren Gobernuak porrot egiteko senatari bati ordaindu izana leporatzen diote Silvio Berlusconiri.
Erredakzioa
Silvio Berlusconiren aurkako beste epaiketa bat hasi da gaur Italian. 2008an Romano Prodi bere arerio politikoaren Gobernuak porrot egiteko senatari bati ordaindu izana egozten diote oraingoan.
Gaur hasi da epaiketa, eta bertaratu ez denez, Berlusconi auzi-iheslaritzat jo du Serena Corleto Napoliko Auzitegiko epaileak.
Berlusconiren abokatuek esan dute jakinarazpenean irregulartasunak izan direla eta horregatik ez dela bertaratu epaiketaren lehen saiora. Alabaina, auzitegiak hipotesi hori baztertu eta Berlusconi auzi-iheslaritzat jotzea erabaki du.
Epaiketak bihar jarraituko du. Aldi zibilen eskaerak aintzat hartzen dituen ala ez ebatzi beharko du Auzitegiak.
Sergio De Gregorio senatariari hiru milioi euro ordaindu izana egozten diote Berlusconiri, Senatuan egindako bozketa batean Romano Prodiren Gobernuaren (2006-2008) aurka bozka zezan.
Valter Lavitola 'Avanti' egunkariko zuzendari ohi eta enpresaria ere epaituko dute, balizko ordainketa horretan bitartekaria izan zelakoan.
De Gregorio senatariari zortzi urteko zigorra ezarri zioten, bere alderditik (Baloreen Italia) Berlusconiren alderdira (Askatasunaren Herria) pasatzeko dirua ordaindu ziotela aitortu ostean.
Aipatzekoa da auzi honetan Berlusconik ez duela inolako immunitaterik izango, jada parlamentari izateari utzi diolako.