Mundua -
Krisia Ukrainan
AEBk 600 soldadu zabalduko dituzte Polonian eta Baltikoko estatuetan
Ukraina ekialdean terrorismoaren aurkako operazioa berriro abiatzeko agindua eman du Alexandr Turtxynov Ukrainako presidenteak.
Erredakzioa
Ameriketako Estatu Batuek 600 soldadu zabalduko dituzte Polonian eta Baltikoko estatuetan NATOko aliatuekin duten konpromisoa sendotzeko, Pentagonoak gaur jakitera eman duenez.
"Errusiak Ukrainari egindako erasoa ikusita NATOren defentsa gaitasuna indartzeko planak bultzatzea erabaki dugu, defentsa kolektiboarekin dugun konpromisoa argi uzteko. Horrela, Europa erdialdeko eta mendebaldeko NATOko aliatuei lagunduko diegu", adierazi du John Kirby AEBko Defentsa Departamentuko almiranteak prentsaurrekoan.
150 soldadu Italiatik Poloniara eramango dituzte asteazkenean, eta beste 450 soldadu Estonian, Lituanian eta Letonian zabalduko dituzte astelehena baino lehen. "Datozen hilabeteetan" ekintza gehiago aurrera eramango dituztela erantsi du Kirbyk.
Terrorismoaren aurkako operazioa
Estatuko ekialdean terrorismoaren aurkako operazioa berriro abiatzeko agindua eman du gaur Aleksandr Turtxynov Ukrainako presidenteak. Errusiaren aldeko miliziak Kieveko Gobernuaren aurka matxinatu dira bertan.
"Ukraina ekialdean bizi diren herritarrak terroristengandik babesteko operazioa martxan jartzea eskatu diet Segurtasun Indarrei", esan du Turtxynovek.
"Tortura basatiak jasan dituzten bi pertsonaren gorpuak aurkitu dituzte gaur Sloviansken. Vladimir Ribak Gorlovkako diputatu desagertua da horietako bat. Terroristek bezperan bahitu zuten", salatu du Turtxynovek.
Ribak Batkivstxina (Aberria) alderdiko kidea zen, hau da, Turtxynoven eta Julia Tymoxenko Presidentetzarako hautagaiaren alderdikidea.
"Donetsk eskualde ia osoa bahitu dute terroristek, eta Ukrainako abertzaleak torturatu eta hil dituzte, onartezina da", esan du.
Errusiaren desafioa
"Desafio lotsagabea bota diote gure herriari, eta baita nazioarteari ere, Genevan hartutako erabaki guztiak mespretxatu baitituzte", salatu du Turtxynovek.
"Krimenak Errusiaren babesarekin egin dituzte", salatu du. Errusiaren aldeko miliziek Genevako akordioak bete ez dituztela adierazi du Turtxynovek; izan ere, Kramatorskeko polizia-etxea hartu dute.
Errusiaren aldeko manifestazioa Donetsk hirian. Argazkia: EFE
Biden
Joe Biden Ameriketako Estatu Batuetako presidenteordeak esan duenez, Errusiak Genevako akordioak betetzen hasi behar du, Ukrainako krisia konpontzeko.
"Errusiak hitz egiteari utzi eta ekintzekin hasteko unea da", esan du Bidenek Kieven, Arseni Jatseniuk Ukrainako lehen ministroarekin bildu eta gero emandako prentsaurrekoan.
Bidenek "Errusiaren aldeko separatistak" armak uztera eta Ukraina ekialdean hartuta dituzten eraikin publikoetatik alde egitera konbentzitzeko eskatu dio Moskuri.
Tiroketa
Bestalde, Ukrainako Aireko Indarretako An-30 hegazkin bat tirokatu dute Sloviansk hirian (Donetsk eskualdea), Errusiaren aldeko altxamenduaren gotorlekuan, Ukrainako Defentsa Ministerioak jakitera eman duenez.
"Aireko Indarretako An-30 hegazkin baten aurka tiro egin dute ezezagun batzuek", azaldu du Ministerioak UNIAN albiste-agentziak jasotako agiri batean.
Tiroketan ez da inor zauritu, eta hegazkinak Kieveko basera itzuli ahal izan du, arazorik gabe, Ministerioaren arabera.