Mundua -
Ezbeharra
Gutxienez 2.500 hildako Afganistanen, luiziek azpian harrapatuta
Mila familia baino gehiago bizi ziren herri bat azpian harrapatu du luperiak. Tragedia Badakhxtan probintzian gertatu da, eta 300 bat etxe lurpean gelditu dira.
2.500 pertsonatik gora hil dira ostiral honetan Badakhxtanen, Afganistango ipar-ekialdean, luiziek azpian harrapatuta, Afganistango agintariek baieztatu dutenez.
Orain arte, 8 pertsona atera dituzte bizirik lokatza eta harri artetik.
Aab Bareek herriko 300 bat etxebizitza lurpean gelditu dira, eta beste 700 etxebizitza jendez hustu dituzte, lurraren ezegonkortasuna ikusita.
Qari Sayfuddin barrutiko poliziak azaldu duenez, 1.500 abelburu ere harrapatu dituzte luiziek.
600 bat pertsona bertaratu dira erreskate lanetan laguntzeko, eta, horretan ari zirela, bigarren luperi batek harrapatu ditu erreskatatzaileak. Lurrikarak, uholdeak eta elur-jausiak ohikoak dira Afganistango eremu horretan.
Aab Bareek herria bi mendixka artean dago, Argo barrutian. Biktimei dagokienez, "ehunka lagun etxean zeuden, eta Gobernuko langileak bertaratu egin dira egoera zein den jakiteko", azaldu du Zabihullah Attique probintziako Gobernuko arduradunak.
Errefuxiatuak laguntzea
Uholdeengatik kalteak jaso dituzten familien beharren lehen ebaluazioak egin ditu jada UNICEFek. Errefuxiatuei laguntza eskaintzea izango da lehentasuna.
Kalte handienak jasan dituen zonalde Abi-Barakena izan da, Argoko barrutian. Litekeena da bertan biktima kopuru gehiago aurkitzea.
Gauzak horrela, "premiazko lehentasuna" familiei laguntza eskaintzea izango da, arriskurik gabeko zonalde batera eramateko. Halaber, gurasoak, familiak eta etxebizitzak galdu dituzten umeri laguntza psikosoziala eskaintzea ere izango du helburu UNICEFek.
Azpiegitura makalak
Hondamendi naturalek kalte handiak eragiten dituzte Afganistanen, azpiegitura makalak dituztelako herrialde horretan. Afganistanek hamarkadak eman ditu gerran murgilduta, eta garapen txikia izan du.
Hindu Kush mendikateak gurutzatzen du Afganistango iparraldea, munduko mendilerro garaienetarikoa da, eta lurrikarak ohikoak izaten dira bertan.