Mundua -

Emakumeen kontrako indarkeria

Bi emazte hil ostean, bikotekidea bilatzeko saio batean parte hartu du

Lehenengo emaztea 'jeloskorra zelako' hil zuela eta bigarrena 'istripu' bat izan zela aitortu du bikotekidea aurkitzeko programan. Bi kasuetan kartzelatik irtenarazteko barkamena eman zioten.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

62 urteko gizon batek polemika eragin du Turkian, bikotekidea bilatzeko programa batean, aurretik izandako bi emazte hil zituela aitortuta.

"Emakume azkar bat", bera zaintzeko gai izango den bat, nahi zuela esan zuen; izan ere, diabetikoa da eta bihotzeko arazoak ditu. Eta ondoren, aurretik izan zituen bi emazte hil zituela aitortu zuen, "patuaren biktima" zelako.

Lehenengo emaztea "jeloskorra zelako" hil zuela eta bigarrena "istripu bat" izan zela adierazi ondoren, eskerrak eman zituen kartzelatik irteteko bi aldiz barkatu dutelako. Lehenengo barkamena kartzelan lau urte bete ostean eman zioten, eta bigarrena, bertan sei urte egon ondoren.

Kartzelatik irten ostean, hirugarren aldiz ezkondu zen, eta bi seme-alaba izan zituen. Azkenean, baina, banandu egin ziren.

Gizonak damututa zegoela esan zuen programan, eta "familia zoriontsu bat osatzeko emazte baten bila dabilen pertsona on bat" dela adierazi zuen.

Aitormena bukatutakoan, kazetariak platotik irteteko eskatu zion, baina ikusleen gaitzidura, sare sozialen bidez zabaldutako mezuak eta hainbat erakundek egindako kritikak ikusita, kateak gizonaren agerraldia ematea erabaki du.

Turkian bikotekidea aurkitzeko programak oso ohikoak dira, eta gobernuz kanpoko erakunde askok kritikatu egin dute saio horietara joaten diren parte-hartzaileen aurrekariak ez egiaztatzea.

Telebistako eta irratiko edukiak aztertzeko ardura duen erakundeak ere kexa igorriko dio kate horri.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gaurko azken minutuko albisteak Indarkeria matxista Sexu-abusuen biktimak gaur Albisteak Gaur Albisteak Turkia Ekialde Hurbila