Mundua -

Bahiketa

Neskatoak erreskatatzeko, nazioartearen laguntza jaso du Nigeriak

Bestalde, Amnistia Internazionalak salatu duenez, sekta erradikalak Chiboken sartu behar zuela ohartarazi zioten Nigeriako Gobernuari, neskatoen bahiketa gertatu baino lau ordu lehenago.

Neskatoen askapena eskatzeko manifestazioa egin dute Washingtonen. Argazkia: EFE
Neskatoen askapena eskatzeko manifestazioa egin dute Washingtonen. Argazkia: EFE
Neskatoen askapena eskatzeko manifestazioa egin dute Washingtonen. Argazkia: EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

AEBeko eta Erresuma Batuko adituak Nigeriara heldu dira gaur, Boko Haram sekta islamiarrak bahituta dituen 200 neskato baino gehiago bilatzen laguntzeko. Bien bitartean, nazioarteko eragileek Nigeriako Gobernuaren geldotasuna salatu dute.

Jadanik AEBko adituen soldadu talde bat lanean dago Nigerian, Abuyan (hiriburu administratiboa) Defentsa Ministerioko iturriek baieztatu dutenez.

Era berean, aditu estatubatuarrekin lan egingo duen Erresuma Batuko taldea Nigeriara heldu da, Erresuma Batuko Enbaxadak jakitera eman duenez. Neskatoak Chibokeko (Borno iparraldeko estatuan) eskolan bahitu zituen sekta islamiarrak apirilaren 14an.

Bestalde, laguntza eskaini dio Espainiak Nigeriari. Afrikako sareetan adituak den Barne Ministerioko polizia taldea Nigeriako Exekutiboaren aginduetara jarri du Madrilek, Soraya Saenz de Santamaria Gobernuko presidenteordeak gaur jakinarazi duenez.

Gainera, Afrika Mendebaldeko Estatuen Erkidego Ekonomikoak (CEDEAO) bilera antolatuko du Accran, datorren astean. Neskatoen bahiketari eta Boko Haramen arazoari amaiera emateko terrorismoaren aurkako estrategia landuko dute.

Geldotasuna

Nigeriako herritarrek eta nazioarteak bertako Gobernua gogor kritikatu dute Boko Haramen gatazka dela eta. Zentzu horretan, Nigeriako Gobernuaren pasibotasuna salatu du Amnistia Internazionalak (AI) agiri batean.

Erakundearen arabera, sekta erradikala Chiboken sartu behar zenaren abisua jaso zuen Nigeriako Exekutiboak, neskatoen bahiketa gertatu baino lau ordu lehenago.

Nigeriako agintarien jarrera "Gobernuaren zabarkeri lotsagarria da zibilak babesteko orduan, herritarrak erasoen aurrean babesik gabe aurkitzen dira", Netsanet Belay Airen Afrikako zuzendariak azaldu duenez.

"Nigeriako segurtasun indarrek Boko Haramen erasoaren berri zuten, baina ez zuten eragozteko neurririk hartu; horrek haserrea areagotu du, krimena ikaragarria delako", esan du Belayk.

Abisuari garaiz erantzuteko gaitasun eza onartu dute Nigeriako Armadako iturriek. "Gure indarrek nekea eta frustrazioa dute, eta soldadu askok ez dute frontera joateko ausardiarik", azaldu du ofizial batek.

NBEren gaitzespena

NBEko Segurtasun Kontseiluak bere "haserrea" azaldu du gaur, eta neskatoak berehala askatzeko eskatu du.

Boko Haramen ekintzak "gizateriaren aurkako krimenak" izan daitezkeela ohartarazi du Kontseiluak, eta arduradunak Justiziaren aurrera eramateko herrialde guztien lankidetza eskatu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea