Itxi

Mundua

Ukrainako gatazka

Eraso militarrei berriro ekin die Kievek Ukraina ekialdean

Erredakzioa

Astelehenean su etena bertan behera gelditu zenetik, Ukrainako Armadaren eta errusiazaleen arteko borroka piztu da beste behin. Hainbat pertsona hil dira.

Petro Poroshenko presidente ukrainarrak uko egin dio astelehenean amaitu zen su etena luzatzeari, eta matxinatu errusiazaleen aurkako eraso militarrak egiteko agindua eman du, herrialdea “askatu” ahal izateko.

Ukrainako gobernu iturriek baieztatu dute segurtasun indarrak errusiazaleek herrialdearen ekialdean dituzten baseak erasotzen ari direla lurretik eta airetik.

Oleksander Turchinov Ukrainako Parlamentuko presidenteak diputatuei adierazi die “terrorismoaren aurkako operazioaren fase aktiboa” martxan jarri dela berriro. “Gure indar armatuak terroristen baseak eta kontrolak erasotzen ari dira” azaldu du.

Bestalde, Oleksi Dimitrashkovski Ejertzitoko bozeramaileak baieztatu du Indar Armatuek tiro egin dutela eta “terroristentzat puntu gakoak diren zonaldetan” aireko erasoak egin dituztela.

Dimitrashkovskik jakinarazi duenez, errusiazaleek Ukrainako Ejertzitoaren hegazkin baten aurka egin dute tiro, baina lur hartzea lortu du.

Erasoak Kramatorsken eta Donetsken

Gutxienez sei pertsona hil eta bost zauritu dira tiroketa batean Kramatorsken, errusiazaleen menpe dagoen Ukraina ekialdeko hirian.

“Gaur goizean lau pertsona hil eta bost zauritu dira Kramatorsken, bidaiatzen zihoazen autobusari tiro egin ostean”, azaldu du Donetskeko administrazioak haren webgunean.

Beste bi pertsona, autobus gidaria eta bidaiari bat, geroago tirokatuta hil dira hiriko beste auzo batean, errusiazaleen bozeramaile batek adierazi duenez.

Donetsken, herrialdearen hegoaldean, polizia bat hil eta beste bi larri zauritu dira, matxinatuek hiriko komisaldegian egindako erasoan.

Donetsketik 20 kilometrora, Marinka eta Karlovka hirietan, borroka gogorrak bizi dituzte Ukrainako Armadak eta matxinatuek, Ostrov albiste agentziak jakinarazi duenez.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena