Mundua -
Legedia
Orduko 8,50 euroko gutxieneko soldata onartu du Alemaniak
SPD Alderdi Sozialdemokratak Markelekin koalizioa egiteko ezarritako baldintzetako bat izan zen.
Erredakzioa
Alemaniako Parlamentuak onartu egin du herrialde osoan gutxieneko soldata ezartzea. Hain zuzen ere, 8,50 euroko gutxieneko soldata. SPD Alderdi Sozialdemokratak Markelekin koalizioa egiteko ezarritako baldintzetako bat izan zen neurria.
Legeak babes handia lortu du Parlamentuak, nahiz eta Merkelen alderdiko hainbat kidek ezezkoa eman. Zehazki, saioko 601 ordezkarietatik 535 alde azaldu dira. 61 abstenitu egin dira eta bostek, berriz, kontrako botoa eman dute.
''Lan gogorra, merkea eta babesik gabekoa. Hauxe izan da Alemaniaren errealitatea milaka langilerentzat. Hori bukatu egin da'', esan du Andrea Nahles SPD alderdiko Enplegu ministroak.
Goi Ganberan onartu behar dute egitasmoa orain eta, egungo lan akordioetara moldatu beharko dute neurria. Litekeena da bi urte behar izatea horretarako.
Salbuespenak
Legeak, edonola ere, hainbat salbuespen jasotzen ditu. Hala, neurriak ez die eragingo 18 urtetik beherakoei, bekadunei eta denbora luzez langabezian egon direnei, kontratu berri baten lehen sei hilabeteetan.