Mundua -
Ukraina
Matxinoek Slaviansk altxamenduaren ikurra den hiritik alde egin dute
Ukrainako bandera berriro ari da dardaratzen hirian. Bi hilabete eman dute borrokatzen Kieven aldeko indarrek eta Errusiaren aldeko separatistek.
Erredakzioa
Kieven aurkako eta Errusiaren aldeko altxamenduaren ikurra den Slaviansk hiritik alde egin dute bertan hiru hilabete eman dituzten matxinoen gehienek, Arsen Avakov Barne Ministroak jakinarazi duenez. Ostiralean setiatu zuten Ukrainako indarrek hiri hori. Ukrainako bandera berriro ari da dardaratzen hirian. Bi hilabete eman dute borrokatzen Kieven aldeko indarrek eta Errusiaren aldeko separatistek.
"Guirkinek (Igor Strelkov bezala ere da ezaguna, hiriko miliziaren nagusia) eta bere gerrillariek Slaviansketik alde egin dute, bertan geratu diren miliziarren artean beldurra zabaltzen", esan du Avakovek bere Facebooken. Petro Poroshenko presidentearen taldeak ere Slaviansken errenditzea baieztatu du.
Viktor Muzhenko Ukrainako Estatu Nagusiko Buruak Poroshenkori esan dionez, "gerrillariak setioa apurtzen saiatu dira, goizaldean, eta militar ukraindarrek jaurtitako suak hil ditu". Dena dela, zenbait lekukok esan dute matxinoek setio hori apurtu dutela eta ondoan dagoen Kramatorsk hirira joan dira.
Bi hilabetez, borrokan
Slavianseko borrokak (separatistek bertan hartu zituzten lehen aldiz armak, hiri oso bat kontrolpean izateko) ez dira gelditu azken bi hilabeteetan. Ekainaren 20tik uztailaren 1era bitartean indarrean egon zen su-etenak ere ez zien geldiarazi.
Ukrainako indarrek Nikolayevkatik kanporatu zituzten separatistak, eta, hortaz, Slaviansken zeudenek hornikuntzarako zuten azken bidea bertan behera geratu zen. Slaviansken 45.000 hiritar daude une honetan (120.000 biztanle zituen).