Mundua -
Ukraina
MH17 hegaldiaren eraistea ikertzeko taldea osatu dute 12 estatuk
Konkretuki, Herbehereak, AEB, Malaysia, Alemania, Belgika, Australia, Erresuma Batua, Filipinak, Kanada, Zelanda Berria, Indonesia eta Ukrainak ikerketa taldea osatzea adostu dute.
Erredakzioa
Malaysia Airlines konpainiako MH17 hegaldiaren eraistea ikertzeko taldea osatuko dute 12 herrialdetako fiskalek eta ikertzaileek. 298 pertsona hil ziren gertakarian, gehienak holandarrak.
Konkretuki, Herbehereak, AEB, Malaysia, Alemania, Belgika, Australia, Erresuma Batua, Filipinak, Kanada, Zelanda Berria, Indonesia eta Ukrainak ikerketa taldea osatzea adostu dute.
12 estatuetako ikertzaileak eta fiskalak Hagako Eurojusten egoitzan bildu dira gaur, lankidetza judizialerako estrategia eztabaidatzeko. Han Moraal Herbeheretako ordezkariak eta taldeko presidenteak eta Europoleko eta Interpoleko ordezkariek parte hartu dute bileran.
Ikerketa zabaltzeko eta biziagotzeko bideak eta lankidetza eztabaidagai nagusiak izan dira bileran. Era berean, Herbeheretako Fiskaltzak lankidetza areagotzeko kudeaketa hasi du.
Bestalde, Errusiaren aurkako zigor gehiago adostea espero dute EBko gobernuek astearte honetan. Arma-blokeoa, murrizketa teknologikoak (energia sektorea) eta Europako kapitalen merkatuan sartzeko oztopoak ezarri nahi dizkiote.
Gerra krimena
Uztailaren 17an Ukraina ekialdean lurra jo zuen hegazkinaren eraistea gerra krimena izan daiteke, NBEren arabera. Malaysian Airlines konpainiako hegazkina zen eta 298 bidaiari zeramatzan. Denak hil ziren.
Hegazkina eraitsi izanak ‘’nazioarteko zuzenbidea urratu zuen’’, Navi Pillay NBEko Giza Eskubideen goi mandatariak adierazi duenez. Pillayk ikerketa ‘’oso eta independientea’’ egitea eskatu du. Halaber, salatu egin du apiriletik 1.129 lagun hil eta 3.442 zauritu direla Ukrainan.
Ildo horretan, NBEko ordezkariak leporatu egin dio Kievi biktimak ekiditeko behar beste egiten ez egotea. Horrez gain, errusiazaleei egotzi die instituzio publikoei berariaz eraso egin izana.
NBEko egiaztatzaileek ohartarazi dutenez, baliteke datozen hilabeteetan desplazatuen uholdea egotea Krimeako penintsulan.
Errusiak dio NBEk ikerketa adostu behar duela
Bestalde, Serguéi Lavrov Atzerri ministroak adierazi duenez, NBEko Segurtasun Kontseiluan adostu behar dira hegazkinaren eraistearen ikerketaren nondik norakoak.
Errusiak debekatu egin du esnekien inportazioa
Astelehen honetan hasita, Errusiak debekatu egin du Ukrainatik esnekiak inportatzea, bertako produktuek osasun araudia betetzen ez dutela argudiatuta.