Mundua -
Laguntzak
Errusiaren betoari aurre egiteko neurri gehiago aztertuko dituzte 28ek
Nekazaritza ministroek egingo duten bileran, besteak beste, neurri berriak hartzea beharrezkoa den aztertuko dute.
Erredakzioa
Europar Batasuneko Nekazaritza ministroek bilera egingo dute Errusiak ezarritako betoak Europako nekazaritza merkatuetan izan duen eragina aztertzeko eta neurri gehiago hartu behar diren erabakitzeko. Larrialdi laguntzak iragarri zituen Bruselak abuztuan melokotoi, nektarina eta tomate ekoizpenentzat.
Dacian Ciolos Nekazaritza komisarioa Errusiak debekatutako produktuei lehentasuna ematearen aldekoa da, zigorrak epe luzean izango dituen ondorioak aztertu bitartean. Besteak beste, produktu horiek merkatu berrietan kokatzearen alde agertu da, hala nola, Asian eta Hego Amerikan.
Gaurko bileran ez dira erabaki garrantzitsuak espero. Hala ere, eta hainbat iturriren arabera, herrialde bakoitzak bere beharrak nabarmenduko ditu eta euren nekazarientzako laguntza gehiago eskatuko ditu.
Bien bitartean, EBko txandakako presidentea merkatua aztertu eta epe luzera emango duten erantzuna zehazten saiatuko da bileran, eztabaida horretara bideratuta.
Zitrikoak, kakia eta granada
Krisi honen eraginez, 300 milioi euroko galerak izan dituela iragarri du Espainiak. Gaurko bileran, zitrikoak, kakia eta granada laguntza zehatzak jasoko dituzten sektoreen artean gehitzeko eskatuko dutela adierazi du Isabel Garcia Tejerina Nekazaritza ministroak.
Batasuneko Exekutiboak, bestalde, "epe motz eta ertainera" ez du arazo larririk nabarmendu Europako merkatuetan. Hori dela eta, abuztuan hartutako erabakiak nahikoa direla uste du EBk.
Batzordeak 125 milioi euro zuzendu ditu garaian garaiko fruta eta barazkien ekoizpenera (tomatea eta sagarra), 33 milioi euro melokotoiaren eta nektarinaren ekoizpenera, eta 10 eta 20 milioi arteko laguntzak gurinaren, gaztaren eta esne-hauts gaingabetuaren biltegiratzera.