Mundua -

Estatu Islamikoa

Hollandek laguntza eskaini dio Iraki EIri aurre egiteko

CIAren arabera, talde jihadistak 20.000-31.500 militante inguru ditu, maiatzean halako bi. Australiak alerta terroristaren maila igo du atentatu arriskua dela eta.

Hollande Irak
Hollande Irak
Hollandek babes politikoa eskaini dio Iraki EI-a borrokatzeko

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

François Hollande Frantziako presidenteak babes politikoa eskaini die Irakeko agintari berriei, eta Estatu Islamikoari (EI) aurre egiteko "giza eta segurtasun" laguntza emateko prest agertu da.

Estatuburu batek batasun nazionaleko Gobernu berria jarri dutenetik Irakera egiten duen lehenengo bisitan, Hollandek iragarri du datorren astelehenean Parisen EIri buruz egingo duten nazioarteko konferentziaren helburua "erakunde terroristaren kontrako borrokan Iraki laguntzeko ekintzak koordinatzea" izango dela.

Frantziako presidentea gaur goizean heldu da Bagadadera, eta agerraldia egin du Fuad Masum Irakeko estatuburuarekin. Irakeko "trantsizio demokratikoa" goraipatu du presidente frantziarrak, hauteskunde legegileei eta gerora osatu duten batasun nazionaleko Gobernuari erreferentzia eginez.

Frantziako presidentearentzat Irakek "mugarik ez duen baina lurralde interesak dituen talde terrorista bati" egin behar dio aurre. Horregatik, Pariseko konferentziak "herrialde ugari mobilizatuko" dituela uste du.

20.000-31.500 militante inguru

AEBetako Inteligentzia Agentzia Nagusiaren (CIA) arabera, Estatu Islamikoak 20.000-31.500 militante inguru ditu egun, maiatzean zituenak halako bi.

CIAren bozeramaile anonimo batek azaldu duenez, hazkunde hori Estatu Islamikoak "borrokalekuan lortutako garaipenen eta kaliferria aldarrikatzearen ondorioz" gertatu da.

Militante horietako 15.000 atzerritarrak dira, 80 herrialdetatik Siriara heldutakoak; eta 2.000 inguru, mendebaldekoak.

Australiak alerta terroristaren maila igo du

Bestalde, Australiak alerta terrorista maila "altua" ezarri du, nazioarteak Estatu Islamikoaren kontra Sirian eta Iraken abiatutako operazioa dela eta, atentatuak jasateko arriskua dagoelako.

Tony Abbott lehen ministro australiarrak esan du atentatu terroristak egoteko arriskua dagoela, baina arriskua ez dela "berehalakoa", bestela alerta "muturrekoa" izango bailitzateke.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioarteko azken orduko berriak François Hollande albisteak Estatu islamiarra berriak Prentsa digitalaren azken orduko Gaurko azken orduko albistea Irak Macronen Gobernua Ekialde Hurbila