Mundua -
Libanon
Estatu Islamikoaren buruaren emazteetako bat eta seme bat atxilotuta
Atxiloketa “atzerriko inteligentzia zerbitzuekin” egindako elkarlanaren ondorio izan da, eta emakumeak -eta semeak- pasaporte faltsuak zeramatzaten.
Erredakzioa
Libanoko Armadak Abu Bakr al Bagdadi Estatu Islamikoaren buruzagiaren emazteetako bat eta semeetako bat atxilotu du Siriako mugan, Armadatik zabaldu dutenez.
Biak Libanoko Defentsa Ministerioan dagoen kartzela batera eraman dituzte, itauntzeko, aipatutako iturrien arabera.
Gainera, As Safir Libanoko egunkariak jaso duenez, atxiloketa “atzerriko inteligentzia zerbitzuekin” egindako elkarlanaren ondorio izan da, eta emakumeak -eta semeak- pasaporte faltsuak zeramatzaten.
Momentuz, ez dago atxiloketaren eta emaztearen gaineko informazio gehiagorik. Siriatik Libanora igaro da; Sirian eta Iraken, kalifatoa ezarri zuen Al Bagdadik aurreko ekainean.
Libanoko segurtasun indarrek zaintza areagotu dute Siriako mugan, eta asken hilabeteetan zenbait ustezko terrorista atxilotu dituzte.
Atzo, astelehena, 11 pertsona atxilotuak izan direla iragarri zuten, horien artean, australiar bat eta lau siriar, terrorismoarekin lotura dutelakoan.
Estatu Islamikoak eta Nusra Fronteak (Al Kaidak Sirian duen ordezkoa) Libanoko 26 soldadu eta polizia bahituak ditu oraindik, aurreko abuztuan mugan atzemandakoak, eta horietatik hiru hil dituzte.