Mundua -

'The Interview'

Ipar Korea: 'Ez dugu zerikusirik Sonyren aurkako ziber-erasoarekin'

"Estatu Batuek erasoa gure errua dela esaten jarraitu nahi badute, frogak ahalik eta lasterren eman beharko lituzkete", esan du Pyongyangeko Defentsa Batzorde Nazionalak.

'The Interview' pelikularen estreinaldia. Argazkia: EFE.
'The Interview' pelikularen estreinaldia. Argazkia: EFE.
'The Interview' pelikularen estreinaldia. Argazkia: EFE.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ipar Koreak berriro ukatu du, larunbat honetan, Sony Picturesek jasandako ziber-erasoan inolako erantzukizunik izatea. "The Interview" filma ostegunean estreinatu zuten, eta baliteke ziber-erasoak pelikula horrekin erlazioa izatea; bestalde, webgune iparkorearrek konexio arazoak izaten jarraitzen dute.

"Beste behin, argi utzi nahi dugu Ipar Koreak ez duela zerikusirik hackerrek Sony Picturesi egindako erasoarekin", adierazi du Pyongyangeko Defentsa Batzorde Nazionalaren bozeramaile batek. KCNA estatu-albiste agentziak jaso du bozeramaile horrek emandako agiria.

"Estatu Batuek errua gurea dela esaten jarraitu nahi badute, frogak ahalik eta lasterren eman beharko lituzkete; eta, bestela, ikerketa bat zabal lezakete, gure laguntzarekin", gehitu du.

"Zer gertatuko litzateke norbaitek eraso terroristen gaineko pelikula bat egingo balu, edo Barack Obamaren hilketa bultzatuko lukeen film bat zabalduko balu? Jarraituko al luke AEBk adierazpen askatasunaren alde egiten?", galdetu zuen bozeramaileak, Estatu Batuetako presidenteari pelikularen estreinaldia sustatzea leporatu aurretik.

Ipar Koreako hedabideen webguneetan, aldizkako jausialdiak

Halaber, Ipar Koreako estatu-hedabide nagusiek aldizkako jausialdiekin jarraitu dute, bosgarren egunez. Pyongyangek Washingtonen ardura dela dio.

"Estatu Batuak gure herrialdeko hedabide nagusietako jarduerak Sarean oztopatzen hasi dira", adierazi du bozeramaile iparkorearrak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ameriketako Estatu Batuak Ipar Korea