Mundua -
Sonyren aurkako erasoa
Ipar Korearen aurkako isun berriak iragarri ditu Obamak
AEBko presidenteak gutuna igorri die Behe-Ganberako eta Senatuko ordezkariei neurrien berri emateko.
Erredakzioa
Barack Obama AEBko presidenteak isun berriak iragarri ditu Ipar Koreako funtzionario eta erakundeen aurka. Sonyren aurkako eraso zibernetikoari erantzuna eman nahi dio modu horretan Obamak. AEBko presidenteak Pyongyangi leporatu zion Sonyren aurkako ekintza.
“Hartu berri dugun neurria ez da Ipar Koreako herritarren aurkako neurria, Ipar Koreako Gobernuaren eta AEB mehatxatzen dutenen aurkako neurria baizik”, iragarri du Obamak Behe-Ganberako eta Senatuko ordezkariei igorri dien eskutitzean.
“Hemen, AEBn, zentsura ezarri dezakeen diktadorerik ezin dugu onartu gure gizartean”, argudiatu du AEBko presidenteak eskutitzean.
Washingtoneko goi funtzionarioek komunikabideei neurri berriak azaldu dizkiete, eta adierazi dutenez, “isun berriez gain, neurri diplomatikoak ere onartu dira, nazioarteko aliatuek ere antzeko neurriak hartu ahal ditzaten”.
Horien arabera, “isuna jaso dutenak ez zuten eraso zibernetikoan modu zuzenean parte hartu, baina Ipar Koreako Gobernuari babesa eskaini zioten”.