Mundua -
Libano
Soldadu espainiar bat hil da Libanon, Israelen eraso batean
Espainiako Atzerri ministroak baieztatu du 'istripua' izan dela eta gaineratu du Israelek Hezbollahren kontra egindako erasoa zela.
Erredakzioa
Soldadu espainiar bat hil da asteazken honetan Libano hegoaldean, Israelgo Armadak Hezbollahren kontra egindako eraso batean, Jose Manuel Garcia-Margallo Espainiko Atzerri ministroak baieztatu duenez.
Francisco Javier Soria Toledok 36 urte zituen eta Kordobako 'Guzman el Bueno' brigadara destinatua zegoen, Espainiako Barne Ministerioak haren Twitter kontuan baieztatu duenez. Bestalde, Pedro Morenes Defentsa ministroak bertan behera utzi du Indiara egitekoa zuen bidaia ofiziala.
Margallok azpimarratu duenez, Soria Toledo soldaduaren heiotza "istripua" izan da, izan ere, Israelen erasoak Hezbollahko milizianoak zituen helburu, goizean, milizia horrek israeldarren kontra egindako beste eraso bati erantzunez.
Soria Toledo Espainiaren Miguel de Cervantes basera eraman dute, baina, erasoak eragindako zauri larrien ondorioz, bertan hil da.
Staffan de Mistura Nazio Batuen Erakundearen (NBE) Siriako bidali bereziarekin batera eskaini duen prentsaurrekoan, Margallok adierazi du Israelek Espainian duen enbaxadoreak deitu diola barkamena eskatzeko eta haren doluminak emateko.
Halaber, ministroak jakinarazi du gertaturikoa argitzeko premiazko ikerketa sakona eskatu diola Espainiako Gobernuak NBEri.
NBEko Segurtasun Kontseiluak bilera deitu du Israel eta Libano arteko mugaren egoera aztertzeko. Soldaduraren heriotza gaitzetsi du Kontseiluak.
Gorpuaren aberriratzea
Pedro Morenes Defentsa ministroak aurreratu duenez, soldaduaren gorpua ostegun honetan Espainiaratuko dute. Bestalde, Espainiak “egin beharrekoa egin” duela azpimarratu du: NBEri ikerketa bat eskatu eta hildakoaren familia artatu du.
Ikerketak “lasaitasuna” ekarriko duela nabarmendu du Morenesek. Espainiako soldaduaren heriotza “zoritxarreko” albiste “oso tristea” dela adierazi du.