Mundua -

Gatazka Ukrainan

Bakea lortzeko 'bide luzea' egiteko dagoela onartu du Poroxenkok

Minskeko akordioan hartutako konpromisoak betetzen ez dituztenen aurka “neurri egokiak” hartuko dituztela ohartarazi dute G7ko kideek.

Poroshenko Ukraina
Poroshenko Ukraina
Ukraina ekialdean gerra egoera areagotu egin da

0:19

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ukrainan bakea lortzeko “bide luzea” egiteko dagoela onartu du gaur Petro Poroxenko presidenteak, Minsken adostu zuten su-etena indarrean sartzeko ordu gutxi falta direnean. Su-etenaren baldintza guztiak beteko direla ziurtatzeko “bermerik” ez dagoela ere adierazi du.

“Ez dut inor ilusioak egitea nahi: oraindik bide luzea egin behar dugu bakea lortu ahal izateko”, adierazi du.

“Minsken adostu genituen bake-baldintzak aplikatuko direla ezin dugu ziurtasun osoz esan”, gaineratu du Ukrainako presidenteak.

Herrialde horretako Gobernuak jakitera eman duenez, azken 24 orduetan, su-etena iragarri zutenetik, 18 lagun hil dira Ukrainan (zortzi soldadu eta hamar herritar).

G7

Ukrainako gatazkari konponbide “baketsu” eta “iraunkorra” emateko Minskeko akordioaren garrantzia goraipatu du Zazpi Handien Taldeak. Zentzu horretan, hartutako konpromisoak betetzen ez dituztenen aurka “neurri egokiak” hartuko dituztela ohartarazi dute G7ko kideek.

Kanada, Frantzia; Alemania, Italia, Japonia, Erresuma Batua eta Ameriketako Estatu Batuetako buruzagiek eta Europako Kontseiluko eta Europako Batzordeko presidenteek osteguneko akordioa txalotu dute agiri bateratu batean. “Ukrainako ekialdearen krisiari konponbide orokor, iraunkor eta baketsu baterako bide bat” eskaintzen duela uste dute.

Hala ere, lekuan bertan bizi duten egoerarekin “kezkatuta” agertu dira G7ko buruzagiek. Batez ere Debaltseve inguruan izaten ari diren borrokaldiek kezkatzen dute; izan ere, “matxino errusiazaleek, Errusiaren laguntzarekin”, 2014ko irailean adostutako “kontaktu lerroa” gainditu dute.

Amnistiarik ez, ezta indulturik ere

Milizia matxino errusiazaleen buruzagiek indulturik jasoko ez dutela adierazi du Pavel Klimkin Ukrainako Atzerri ministroak Rada Goreneko (Parlamentua) diputatuen aurrean.

Gainera, Malaysian Airlines MH17 hegaldia lurrera bota zutenentzako amnistiarik ez dela izango ziurtatu du Mark Rutte Herbehereetako lehen ministroak. Zentzu horretan, Kieveko Exekutiboak “altzairuzko” konpromisoa agertu diola azaldu du. Hegazkinak 298 pertsona zeramatzan eta errusiazaleek lurrera bota zuten.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioarteko albisteak 2024 Ukraina Errusia berriak Prentsa digitalaren azken orduko Eguneko albisteak G7 goi-bilera Errusia-Ukraina gerra