Mundua -

Gatazka armatua

Su-etena indarrean da Ukrainan

Aurrez, 20 zibil eta 7 militar hil dituzte Ukraina ekialdean. Poroxenkok ez du baztertzen Lege Martziala indarrean jartzea, baldin eta su-etenak porrot egiten badu.

Ukraina. Argazkia: EFE
Ukraina. Argazkia: EFE
Indarkeria nagusi azken orduotan Ukraina ekialdean

1:21

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ukrainan igande gauerdia zenean (23:00ak Euskal Herrian) sartu da indarrean su-etena herrialdearen ekialdean. Bi aldeek baieztatu dutenez, adostutako orduan borrokak eteteko agindua eman dute.

Aste honetan, Minsken sinatutako akordioaren arabera, bi aldeek beren armamentu astuna erretiratu beharko dute. Helburua da dagoeneko 5.000 hildako eragin dituen gatazkaren konponbidean aurrerapausoak ematea.

“Gaur bi bide har litezke: baliteke etsaiak sua etetea eta konponbide politikorako urratsa ematea (…) edo baliteke etsaiak gu eta mundu guztia gatazka gordinago batera eramatea”, ohartarazi du Petro Poroxenko Ukrainako presidenteak, erasoaldiak eteteko akordioa indarrean sartzeko ordu gutxi falta zirenean.

Izan ere, gutxienez 20 zibil eta 7 militar hil dira, eta beste 23 zauritu azken orduotan Ukraina ekialdean izandako borroketan. Ukrainan indarkeriak ez du etenik izan, su-etena indarrean sartu aurreko orduetan.

"Etsaiak, inolako begirunerik gabe, herriak eta hiriak bonbardatzen jarraitzen du", adierazi du Ukrainako Armadak ohar batean. Oharraren arabera, su-etena indarrean sartu aurreko orduotan 14 zibil hil dira errusiazaleek jaurtitako suzirien ondorioz.

Aldi berean, Eduard Basurin Donetskeko milizia errusiazaleen buruzagiordeak salatu duenez, Ukrainako Armadak lau zibil ditu Donetsk hirian.

Kieveko agintari militarraren arabera, errusiazaleak Ukrainako Armadaren posizioei eraso egiten saiatu dira Debaltsevo hirian larunbat goizaldean, Donetsk eta Luhansk hirien artean dagoen "korapilo estrategikoan".

Azken asteotan, Ukrainako Armada eta errusiazaleak borroka gogorrak izaten ari dira Debaltsevo inguruetan.

Poroxenko Ukraina osoan Lege Martziala indarrean sartzea aztertzen ari da

Petro Poroxenko Ukrainako presidenteak larunbat honetan adierazi du Ukraina osoan Lege Martziala ezartzea aztertzen ari dela, baldin eta su-etenak porrot egiten badu.

"Minskeko bileraren aurretik Ministro Kontseiluari ohartarazi nion Lege Martziala ezartzeko erabakia hartzeko aukera zegola, erabaki zaila, baina beharrezkoa", adierazi du Ukrainako presidenteak.

"Berriz esango dut: bakerik ez badago, Lege Martziala ezarriko dut eta ez Donetsk eta Luhansk eskualdeetan soilik, herrialde guztian baizik", nabarmendu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioarteko albisteak Ukraina azken orduko Errusia berriak Eguneko albisteak Albisteak Errusia-Ukraina gerra