Mundua -
Argentina
Fiskala 'hil' zutela ziurtatu du Nismanen familiak
“Istripuaren eta suizidioaren hipotesiak guztiz baztertu ditu txostenak. Alberto Nisman hilketa baten biktima izan zen. Hil egin zuten”, adierazi du Sandra Arroyo AMIA auziko fiskalaren emazte ohiak.
Erredakzioa
?Hil? zutela ziurtatu du gaur Sandra Arroyok, Alberto Nisman AMIA auziko fiskalaren emazte ohiak. Berak eta Nismanen amak kontratatutako perituek txosten bat egin dute.
?Istripuaren eta suizidioaren hipotesiak guztiz baztertu ditu txostenak. Alberto Nisman hilketa baten biktima izan zen. Hil egin zuten?, adierazi du Arroyok San Isidron (Argentina).
Nismanen familiako adituek txosten bat egin dutela eta ondorio nagusia hori dela azaldu du Arroyok. Emazte ohiaren hitzetan, ?lan zail eta gogorreko hilabete bat izan da?.
Egia
Arroyoren ahotan, helburua ?egi objektiboa eta zientifikoki egiaztagarria? aurkitzea da. Horretarako, ?gertakariak jazo ziren tokia eta autopsia? aztertu dituzte, erantsi duenez.
Nisman bere etxeko bainugelan hilik aurkitu zuten urtarrilaren 18an. Gorpuak buruan tiro bat zuen. Lau egun lehenago, Cristina Fernandez de Kirchner Argentinako presidentearen aurkako salaketa aurkeztu zuen Nismanek, AMIAren kontrako erasoaren susmagarri irandarrak estaltzeagatik.
Hasiera batean, Nismanek bere buruaz beste egin zuela ematen zuen, baina ikerketa pixkanaka-pixkanaka hipotesi hori baztertzen joan da eta hilketaren teoriak indarra hartu du, nahiz eta Fiskaltzak oraindik ez baieztatu.