Mundua -
Hauteskundeak
Netanyahu Palestinako Estatuaren kontra, kanpainaren itxieran
Netanyahu eta Herzog dira faborito, eta nori bozkatu ez dakiten % 20a konbentzitzen saiatu dira azken egunotan.
Erredakzioa
Israelgo hauteskundeetako faborito nagusiek, Benjamin Netanyahu lehen ministro eta Likud alderdiaren buruak eta Isaac Herzog Zelai Sionista zentro-laborista barne hartzen duen alderdiko hautagaiak, hauteskunde kanpaina itxi dute gaur, biharko bozketaren zain.
Nori bozkatu ez dakiten % 20a euren aldera eramatea izan da bi hautagai nagusien egunotako ekitaldietako helburua; izan ere, bozketa hasteko 12 ordu baino gutxiago falta zirenean, hamar herritarretik bik oraindik ez zekien nori bozkatu.
5,9 milioi israeldar deitu dituzte botoa ematera bihar, asteartea, hauteskunde aurreratuetan. Hogeigarren legegintzaldirako bozak izango dira, eta 34. gobernu israeldarra osatu beharko dute.
Netanyahu, Palestinako Estatuaren kontra
Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak gaur azpimarratu du ez duela Palestinako Estatua eraikitzen utziko biharko hauteskundeen ostean agintzen jarraitzen badu.
"Palestinako Estatua eraikitzeko eta lurraldeak jendez husteko (Zisjordanian dauden asentamendu israeldarrak) pausoak ematen dituenak, bidea irekiko die erradikalei Israelen kontrako erasoak egiteko", adierazi du Netanyahuk.
Herzog buru duen Zelai Sionistaren kontrako eraso gisa, "ezkerrak burua lurraren azpian ezkutatu" duela salatu du.
Lehen ministroak gaur agertutako iritziak ez du bat egiten duela sei urte Bar Ilan Unibertsitatean egindako hitzaldiarekin, irtenbidea bi estatuen sorreran zegoela aitortu baitzuen orduan lehenengo aldiz.
Inkestak
Azken inkesten arabera, Zelai Sionistak irabazi egingo dio Likudi 4 eserlekuren aldearekin, 24-20, eta Judutarren Etxea alderdiak gora egingo du, eta litekeena da Gobernua osatzeko giltza berak edukitzea.