Mundua -
Eguneko lerroburuak
Martxoak 18ko albiste nagusiak
Egunari ekin baino lehen ezagutu beharreko bost albisteak dira hauek.
EITB.EUS
Azkenean, Netanhayu garaile
Benjamin Netanyahu buru duen Likud alderdi nazionalistak ustekabea eman du astearte honetan Israelgo hauteskundeetan. Alde nahikoa atera dio Isaac Herzog laboristaren Zelai Sionista zentro-ezkerreko koalizioari, inkestek kontrakoa aurreikusten bazuten ere. Likudek 29 eserleku lortu ditu; Zelai Sionistak, berriz, 24. Horrenbestez, Netanyahu izango da Israelgo gobernuburu, hirugarren aldiz jarraian.
Benjamin Netanyahu, garaipena ospatzen. Argazkia: EFE
Gaixo sendaezinentzako sedazioa arautu du Frantziak
Hilzorian daudenen sedazioa baimentzen duen legea maiatzean edo ekainean sartuko da indarrean. Frantziako Asanblea Nazionalaren gehiengo zabal batek babestu du proposamena. Gaixotasun larri eta sendaezina dutenek lokartu eta bizitza artifizialki ez luzatzeko eskubidea izango dute. Horrez gain, salbuespenak salbuespen, eriak egindako bizi-testamentua errespetatu beharko du medikuak. Legeak ordezkaritza legala emango dio gaixoak aukeratutako pertsonari, nola eta noiz hil nahi duen erabakitzeko.
Cervantesen gorpua, Madrilen
Paco Etxebarria auzitegiko mediku eta Cervantesen gorpuzkiak bilatzeko taldearen zuzendariak txalo artean eman du berria: "Oso litekeena da" Madrilgo Hirukoiztarren komentuan "topatutako hezurrak Cervantesenak izatea". Jasotako informazio historiko, arkeologiko eta antropologikoa oinarri hartuta, "inolako zalantzarik gabe" esan daiteke gorpuzkiak idazlearenak direla. Hezurrei ez diete DNA probarik egiterik izan, baina Cervantesen aitaren arrebaren hezur batzuekin alderatu dituzte.
Seme-alabengatik emandako laguntzak, apiriletik aurrera
Seme-alabengatik familiaren errentaren araberako diru-laguntzen dekretua onartu du asteartean Eusko Jaurlaritzak. Laguntzak diru-sarrera txikienak dituztenei egingo die mesede. 42.000 eurotik gorako errentak dituzten familientzat, ordea, txikiagoak izango dira laguntza horiek. Lehenengo seme-alaba izan dutenentzako laguntzak ez dira aldatuko. Hortik aurrerakoak aldatu ditu Jaurlaritzak, bigarren seme-alaba edukitzeko erabakia hartu duten gurasoak lehenetsita.
Toña, Erkoreka eta Oregi ondoan dituela. Argazkia: EFE.
220.000 euroko iruzurra egin zuen PPk
Alderdi Popularrak egin zuen 2008ko sozietate-zerga ordaintzeari utzita, Ogasunaren arabera. Dohaintzak PP alderdiaren helburu propioentzat erabili zutela azaldu du Ogasunak, eta beraz, zergarik ordaindu behar ez zuela eta deliturik egon ez zela baieztatu du. Ogasunak Pablo Ruz Auzitegi Nazionaleko epaileari bidalitako txostenean ageri denez, iruzurra egotekotan, "erreakzio juridikoa ez da zerga esparruan gertatuko; izan ere, adibidez, enpresaburu batek Caritasi diru beltzean 400.000 euroko dohaintza ematen baldin badio, eta erakundeak diru horrekin 1.000 umeri jaten ematen baldin badie, hau da, dirua bere xedera bideratzen badu, zerga-araudiak ez du zehaztuko Caritasek iruzurra egin duenik".