Mundua -
Israelgo hauteskundeak
Netanyahu, berriz ere garaile
Lehen ministroaren alderdiak sei eserlekuko aldea atera dio faboritoari, zentro-ezkerreko koalizioari, eta agintean izango da berriz.
Erredakzioa
Likud Benjamin Netanyahu lehen ministroaren alderdiak irabazi ditu Israelgo hauteskundeak, zentro-ezkerreko koalizio sionistari alde argia aterata, azken hori inkestetan faborito bazen ere.
Emaitza ofizialen arabera, Likudek 30 eserleku eskuratu ditu, eta Isaac Herzog hautagaiaren koalizio zentro-ezkertiarrak, aldiz, 24. Horrenbestez, Netanyahu berriz ere izango da lehen ministro, laugarrenez (hirugarrenez jarraian).
Hirugarren gutxiengo arabiarra biltzen dituen koalizioa izan da, 14 diputaturekin.
Israelgo Parlamentuak 120 eserleku ditu. Hori dela eta, 61 behar dira gobernatzeko. Horren ildotik, Netanyahuk iragarri du eskuindarrei eta ortodoxoei eskainiko diela Gobernua osatzea. Guztira, 67 eserleku batuko lituzke horretara.
Netanyahuren garaipenaren ondorioz, Palestinako gatazkak konponbiderik gabe jarraituko du hurrengo legegintzaldian, eta baliteke are gehiago gordintzea. Izan ere, agintera heltzen bada, Palestinak estaturik izango ez duela promestu zuen lehen ministroak, hauteskunde-kanpainan. Gainera, lurralde palestinarretan asentamendu israeldarrak eraikitzearen aldekoa da.
Israelgo hedabideak harrituta agertu dira gaur Likuden garaipenarekin, eta inkesten egileei lan zehatza egin ez izana leporatu diete.
Hauek dira emaitza ofizialak:
1.- Likud (eskuin nazionalista sionista): 30 eserleku
2.- Zelai Sionista (zentro-ezker sionista): 24 eserleku
3.- Zerrenda Bateratua (gutxiengo arabiarra): 14 eserleku
4.- Yesh Atid (zentroa): 11 eserleku
5.- Kulanu (zentro-eskuina): 10 eserleku
6.- Etxe Judua (eskuin muturreko nazionalistak): 8 eserleku
7.- Shas (ortodoxo sefardiak): 7 eserleku
8.- Toraren Judaismo Batua (ortodoxo askenaziak): 6 eserleku
9.- Israel Beitenu (eskuin muturreko nazionalistak): 6 eserleku
10.- Meretz (sozialdemokrata bakezaleak): 4 eserleku