Mundua -

Eguneko lerroburuak

Apirilaren 27ko albisteak

Astelehenari ekin baino arinago ezagutu beharreko albisteak.

E.GARAIKOETXEA | EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Lurrikara Nepalen

Zorigaitza handitzen doa Nepalen, larunbatean izandako lurrikarak utzitako hildakoen kopuruak gora egiten duen neurrian. Hildakoak 3.200 direla jakinarazi dute bart Nepalgo agintariek, eta egoerak gainezka egin diela aitortu dute. Ospitaleak topera daude eta hondakin artean bizirik lagun asko egon daitezkeela uste dute erreskate taldeek.

Biktimen artean euskal herritarrik ote dagoen zehaztu nahian dabil Eusko Jaurlaritza.

Bake proposamena aurkeztu du EH Bilduk

Bake eta bizikidetzarako bere proposamena aurkeztu zuen atzo EH Bilduk. Besteak beste, bakearen aldeko apustu sendoa egin eta egindako mina aitortzen duten presoei baldintzapeko askatasuna ematea proposatu du. Hasier Arraizen esanetan, presoak aske uztea bake prozesuaren gakoetako bat da.

Biktimei eta oroimenari dagokienez, Arraiz Sortu alderdiko presidente eta Euskal Herria Bildu taldeko legebiltzarkideak aitortu duenez, "sarritan ez dugu espero bezala jokatu, indarkeriaren ondorioak pairatu zutenen minaren aurrean sentsibilitatea falta izan zaigu". Horren aurrean, egiaren batzorde bat eratzea eta giza eskubideen urraketen mapa osatzea proposatu du koalizio abertzaleak.

Desarmeari dagokio proposamenaren hirugarren gakoa. Dokumentuaren arabera, helburuetako bat izango da "ETAren armategien zigilatze eta egiaztatze prozesua ahal bezain laster gauzatzea". Horretarako, "Armagabetze Batzorde Independentea" sortzeko eskatu du koalizioak, "nazioarteko erakundeen esku-hartzearekin batera".

Donostia, turismo gastronomikoaren hiriburu

Turismo Gastronomikoaren Munduko Foroa ospatuko dute gaur eta bihar Basque Culinary Centerren egoitzan. Arlo horretan lanean diharduten adituak bilduko dira Gipuzkoako hiriburuan, etorkizuneko erronkez hitz egiteko. Donostia bisitatzen duten bost turistetatik batek gastronomiak erakarrita egiten du.

3.800 milioi euroko diru-sarrerak eragiten ditu turismo gastronomikoak, Barne Produktu Gordinaren % 6. Iaz marka guztiak hautsi ziren eta aurtengoari ere baikor ekin diote. Itziar Epalza Eusko Jaurlaritzako Turismo sailburuordeak adierazi duenez, euskal gastronomia eta ardoa dastatzera etortzen dira bisitarien % 21.

Garitano, protagonista

 

 

Azken orduetako protagonista izan da Gaizka Garitano Eibar futbol taldeko entrenatzailea. Almeriaren kontra 2-0 galdu ostean, prentsa-aretotik alde egin zuen euskaraz ari zelako kexu agertu ondoren hainbat kazetari.

ETBko kazetari batek euskaraz egindako galderari hizkuntza berean erantzuten ari zenean, kexuak entzun ziren prentsaurrekoa jarraitzen ari ziren 15 kazetariren arteko biren aldetik. Almeria futbol taldeko prentsa arduradunak ohartarazi zienez, Bartzelona hartzen dutenean ere katalanez egiten dira lehen adierazpenak, eta errespetua agertzeko eskatu zien. Esandakoei entzungor egin zieten kazetari horiek, eta Garitanok, haserre, prentsa aretoa utzi zuen.

San Prudentzio, Araban!

 

Arabako patroiaren bezpera eguna da gaurkoa. San Prudentzio jaien ekitaldi ofizialak gaur dira hastekoak, eta erretreta eta danborradarekin lehertuko da festa, iluntzean.

Gasteizko udaletxeko Balkoitik egingo dute lehen erretreta, 20:00etan. Ordubete geroago, 21:00etan, Probintzia Plazatik egingo dute. Erretretak Erdi Aroan du jatorria, Gasteizko herritarrak tronpeta bidez ohartarazten zituzten garaian. Gaur egun, jaiaren aldarria egiteko erabiltzen da. Urtero bezala, bihar, apirilak 28, Armentiako landetan izango da jaia.

gasteiz, danborrada, erretreta, san prudentzio

gasteiz, danborrada, erretreta, san prudentzio

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Albisteak Gaur