Mundua -
Erresuma Batua
Legez kanpoko langileei soldata kendu ahalko diete Erresuma Batuan
Ustez egoera irregularrean dauden pertsonen kontu korronteak miatzeko aukera ere mahai gainean jarri du David Cameronek, immigrazioaren inguruko plan berri batekin.
Agentziak | Erredakzioa
Immigrazio irregularra kontrolatzeko neurri berriak iragarri ditu David Cameron Erresuma Batuko lehen ministroak. Besteak beste, dokumentaziorik gabeko pertsonen soldata konfiskatu ahalko dute, eta egoera irregularrean egon daitezkeen lagunen kontu korronteak ikuskatu ahalko dituzte.
Maiatzaren 7an gehiengo osoz irabazi zituen hauteskundeak Cameronek, eta jada hasi da neurri berriak iragartzen. Atzo bertan, immigrazio planaren berri eman zuen.
Lege-proiektu horren helburua izango da neurriak bideratzea legez kanpo lanean ari direnen kontra eta pertsona horiek lanean dituztenen kontra. Horrekin batera, egoera irregularrean dauden lagunen kontu korronteak miatzeko betebeharra ere ezarriko zaie bankuei.
Halaber, neurriak ezarriko dituzte legez Erresuma Batura sartzen diren EBtik kanpoko herritarrei bideratuta (turistak, ikasleak), behin baimena agortuta lanean geratzen badira.
Legez kanpo lortutako soldatak konfiskatzeko baimena izango du Poliziak, eta enplegu-agentzietan lehentasuna izango dute Erresuma Batuan legez bizi diren pertsonek.
Horrez gain, neurriak hartuko dituzte legez kanpoko etorkinei baldintza latzetan etxebizitzak alokatzen dizkietenen kontra.