Mundua -

Eguneko lerroburuak

Tsipras, Rementeria, Nafarroa eta Euskaltel, eguneko albisteak

Egunari heldu aurretik irakurri behar dituzun bost albisteak.

IKER GOMEZ | EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eurotaldeak ez du negoziatuko igandeko erreferenduma egin arte

Europak ez du Greziarekin negoziatuko igandeko erreferenduma igaro arte. Eurotaldeak, oraingoz, harremanak etetea erabaki du. Alexis Tsiprasek egindako azken ahaleginak ez du emaitzarik lortu, eta, hortaz, igandeko kontsultari eutsi eta ezezko botoa eskatu du. Euroguneko Finantza ministroek, berriz, baiezko botoa eskatu dute. Bien bitartean, Europako Banku Zentralak Greziarentzako larrialdiko diru-laguntza 89 milioi euroan mantentzea erabaki du.

Bizkaiko Gobernu berria

?Apaltasuna, hurbiltasuna, leialtasuna eta lana? eskatu dizkie Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak gobernu-taldea osatuko duten diputatuei. EAJk sei foru diputatu izango ditu Exekutiboan, eta PSE-EEk beste bi. Bizkaiko ahaldun nagusi izendatu ondoren, EAJ eta PSE-EEren koalizio gobernua osatuko duten diputatuen berri eman du Rementeriak.

Foru Gobernua zortzi departamentuk osatuko dute. Administrazio Publikoa eta Erakunde Harremanak departamentua Ibone Bengoetxeak zuzenduko du; Jose Maria Iruarrizaga Ogasun departamentuan izango da berriro; Lorea Bilbaok Kultura eta Euskara zuzenduko du; Isabel Sanchez Roblesek Gizarte Ekintza hartuko du; Elena Unzuetak Jasangarritasuna eta Ingurumena zuzenduko du eta Imanol Pradales Garapen Ekonomikoko diputatua izango da berriz.

PSE-EErekin adostutako gobernu akordioa dela-eta, Teresa Laespada eta Vicente Reyes sozialistak ere izango dira Foru Gobernuan. Enplegu eta Berdintasun, eta Garraio, Mugikortasun eta Lurralde Kohesio departamentuak zuzenduko dituzte, hurrenez hurren.

Gobernu programa aurkeztu dute, Nafarroan

Nafarroako gobernu akordiorako oinarriak biltzen dituen txostena eman dute ezagutzera bart Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Duguk eta Izquierda-Ezkerrak. 74 orrialdetan biltzen ditu akordioak jasotzen dituen neurri nagusiak.

Ekonomia alorrean, erreforma fiskala iragarri dute, 2016. urtean martxan jartzeko. Horren arabera, gehien dutenek gehiago ordaindu beharko dute. Ongizate Sozialaren Behatokia martxan jartzea, Dependentziaren Foru Legea sortzea eta ETAri armak baldintzarik gabe uzteko eskaria egitea dira alderdi horiek adostu dituzten puntuetako batzuk. Horrez gain, indarkeriazko ekintza guztiak gaitzetsi dituzte.

Euskaltelek egun ?historikoa? izan zuen

Euskaltel Espainiako baloreen burtsan kotizatzen hasi da uztailaren 1ean. Atzokoa egun "historikotzat" jo zuen Alberto Garcia Erauzkin telekomunikazioen euskal operadorearen presidenteak. Euskaltelen akzioak % 5,789 igo dira burtsan egin duen lehen egunean. Akzio bakoitzeko 10,05 euro lortu ditu saio bukaeran telekomunikazioen euskal operadoreak, jardunaldi hasieran 9,5 euroko prezioa izan eta gero.

Kable-operadorearen tituluek egunean zehar gehienez 10,9 euro balio izan dute; gutxieneko balioa, berriz, 10,035 euroan markatu dute.

Ekainean ere, langabeziak behera

09:00etan emango da jakitera ekaineko langabeziaren datua. Iñigo Urkullu lehendakariak aurreratu du Euskadiko datu ?ona? izango dela, langabezia jaitsi egingo delako.

Estatuan ere, jaitsiera izango dela iragarri du Fatima Bañez Enplegu ministroak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Albisteak Gaur