Mundua -
Eguneko lerroburuak
Greziaren ezetza, Varoufakis eta sanferminetako txupinazoa, lerroburu
Astelehenari heldu aurretik irakurri beharreko bost albisteak.
IKER GOMEZ | EITB.EUS
Greziaren ezetza eta Varoufakisen dimisioa
Greziarren ehuneko 61k ?ezetz? esan dio hartzekodunen proposamenari. Alexis Tsipras lehen ministroak esan du berehala hasiko dela hartzekodunekin negoziatzen, eta negoziazio horiek errazteko bidean, dimisioa eman du gaur goizean Yanis Varoufakis Finantza ministroak.
Negoziazio berri horietan, bi lehentasun markatu ditu Tsiprasek: zorra berregituratzea eta bankuak zabaltzea. Ahal bezain pronto konponbide bat bilatzeko ?fronte nazional sendoa? osatzea beharrezko ikusten du Tsiprasek, eta Greziako alderdi guztietako buruekin bilera deitzeko eskatu dio herrialdeko presidenteari. Ziurrenik Antoni Samaras lehen ministro ohia ez da bilera horretan egongo, ezezkoaren ostean dimisioa aurkeztu baitu.
Europar Batasuneko ordezkari askok ez dute begi onez ikusten emaitza, eta Parisen gaur bilera egingo dute Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak eta Francois Hollande Frantziako presidenteak. Madrilen, gai ekonomikoetarako batzordea deitu du Mariano Rajoy Espainiako presidenteak.
Jai-giroan murgilduko da Iruñea, 12:00etatik aurrera
Gaur eguerdian, sanferminak hasiko dira Iruñean. Aurtengoan, politikariak izan beharrean herritarrak izango dira txupinazoa jaurtitzen: 150 urte bete dituen Iruñeko Orfeoia eta zuriz janzten lehenak izan ziren La Veleta peñaren ondorengoak izango dira arduradunak.
Aurtengo jaiek 450 ekitaldi baino gehiago eskainiko dituzte, eta gehienak musikarekin lotutakoak izango dira. Jaiak 12:00etan egingo du eztanda, Udaletxetik botako duten txupinazoarekin, eta eitb.eus-ek ZUZENEAN eskainiko du.
Atzo, Nagore Laffage iruindarra gogoratzeko ekitaldia egin zuten.
Sutea Zaragozan
Zaragozako Cinco Villas eskualdean, suak ia 8.000 hektarea erre ditu jada, eta bost herrietako bi bizilagunentzat itxita daude oraindik. Tenperatura altuen eta haizearen indarraren ondorioz piztu zen sua joan den larunbatean.
Helikopteroek egiten duten lana ezinbestekotzat jo du Modesto Lobon Aragoiko Ingurumen kontseilariak. Aragoikoez gain, Madril, Valentzia, Katalunia eta Nafarroako suhiltzaileak ari dira sutea itzaltzeko lanetan. Guztira 1.500 laguni eragin die aurten udan Estatuan piztu den lehen suteak.
Emakumeen aurkako indarkeria
Atzo, Esquadra Mossoek 35 urteko gizon bat atxilotu zuten Bartzelonan ama eta arreba hil izana leporatuta. Gertaera Kale Nagusiko etxebizitza batean jazo zen, Hostafrancs auzoan. Mossoen aurrean atxilotuak egindako deklarazioaren arabera, bi emakumeek sorginkeriak egiten zizkioten.
Bestalde, gizon batek zaintzen zuen adineko andreari eraso zion Pravian (Asturias), gero bere etxera joan zen, eta bere emaztea hil zuen bertan. Azkenik, gizonezkoak bere buruaz beste egin zuen, Guardia Zibileko iturriek jakinarazi dutenez.
Tourraren hirugarren eguna
Txirrindularitzan, Andre Greipel izan zen nagusi Frantziako Tourreko bigarren etapan, esprint estu batean Sagan eta Cancellara mendean hartuta. Trek taldeko suitzarra, Fabian Cancellara, da lider berria.
Oilarren arteko borrokari dagokionez, Nibalik eta Quintanak ia minutu eta erdi galdu zuten helmugan. Gaurko hirugarren etapa Anberesen hasi eta Mur de Huy (Huyko horma, euskaraz) amaituko da. Txirrindulariek 160 kilometro egin beharko dituzte gaurko etapan.