Mundua -

Greziako krisialdia

Greziak formalki eskatu dio NDFri hirugarren erreskatean esku hartzeko

Euklides Tsakalotos Greziako Finantza Ministroak egin zuen eskabide ofiziala Christine Lagarde Nazioarteko Diru Funtseko zuzendariari bidali zion gutun baten bidez.

Euclides Tsakalotos
Euclides Tsakalotos
Euclides Tsakalotos

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nazioarteko Diru Funtsak (NDF) gaur, larunbata, baieztatu duenez, Greziaren eskabide formala jaso du hirugarren erreskatean parte hartzeko, eta adierazi du Greziako agintariekin eta Europako bere kideekin eztabaidatuko dituela xehetasunak.

"Greziako agintariekin eta Europako gure kideekin jorratuko ditugu eztabaida-saioak egiteko epeak eta modalitateak", eman du jakitera NDFk jakinarazpen labur batean.

Greziako Finantza Ministerioak aurretiaz baieztatua zuen hirugarren erreskate baterako NDFri ofizialki egindako laguntza-eskabidea; hain zuzen ere, Greziako parlamentuak nazioarteko hartzekodunekin hizketan jarraitu ahal izateko onartu behar izan zituen erreforma-sortari oniritzia eman eta hurrengo egunean.

Christine Lagarde Nazioarteko Diru Funtseko zuzendariari bideratutako gutun baten bidez (gutun hori Greziako egunkarietan argitaratu da), Euklides Tsakalotos Greziako Finantza Ministroak dio Atenasek "politika zehatz batzuk" aplikatzeko konpromisoa hartu duela, "iraunkortasun fiskala eta finantza-egonkortasuna zein epe luzerako hazkuntza" sendotzeko xedearekin.

Tsakalotosen gutuna Nazioarteko Diru Funtsak ezarri zuen hasierako betebeharretako bat zen, negoziaketetan modu aktiboan parte hartu ahal izateko. Negoziaketa horiek astelehenean hastea espero da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Krisi ekonomikoa Zer gertatzen da munduan? NDF Grezia Gaurko titularrak Albisteak Greziako Finantza ministro ohia