Mundua -
Ukrainan eroritako hegazkina
MH17 hegazkina misil errusiar batek eraitsi zuela baieztatu dute
Hala iragarri dute gertaeraren nondik norakoak aztertu dituzten Herbehereetako ikertzaileek. 2014ko uztailean Malaysia Airlinesen Boeing 777 hegazkin bat eraitsi zuten Ukrainan eta 298 lagun hil ziren
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Herbehereetako ikertzaileek baieztatu dute misil errusiar batek eraitsi zuela 2014ko uztailean Ukraina ekialdean erori zen Malaysia Airlines konpainiaren MH17 hegazkina. Hala iragarri du gertaeraren nondik norakoak aztertu dituen Herbehereetako Segurtasun Batzordeak. Antza denez, Errusian egindako Buk izeneko misil batek eraitsi zuen hegazkina, baina ikerketa batzordeak ez du argitu misila nork bota zuen; antza, horretarako gaitasunik ez zuelako.
Malaysia Airlines konpainiaren MH17 hegazkina Amsterdam eta Kuala Lumpur arteko bidea egitekoa zen 2014ko uztailaren 17an, alabaina, Ukrainako aire esparruan zegoela eraitsi egin zuten, Errusiako mugatik gertu. Guztira, 298 lagun hil ziren, tartean, 80 haur.
"Buk izeneko misil sistema erabilita jaurtitako 9N314M motako lehergai batek eragin zuen eztanda", berretsi du Herbehereetako ikerketa batzordeak. Halaber, zehaztu du Ukraina ekialdeko 320 kilometro koadroko eremu batetik jaurti zela.
"Talkaren eta ondorengo leherketaren eraginez, kabinako hiru kideak hil egin ziren eta hegazkina zatitu egin zen", gaineratu dute ikertzaileek.
Bestalde, ikertzaileek argi eta garbi utzi dute beste aukera posibleak ikertu dituztela, baina guztiak ere baztertu egin dituztela. "Buk misila ez den beste ezerk ezin du gertaeren konbinazio hori azaldu", gaineratu dute.
Ukrainak Errusiari egotzi dio hegazkinaren eraisketa
Arseni Yatseniuk Ukrainakom lehen ministroak Errusiako zerbitzu sekretuei egotzi die Malaysia Airlineseko hegazkinaren eraisketa prestatzea. "Erasoa errusiazaleek kontrolatutako eremuan gertatu zen eta ez dago zalantzarik separatista mozkorrek ez dakitela Buk sistemak maneiatzen. Horrek esan nahi du Errusiako militarrek kontrolatu zituztela sistema horiek", gaineratu du.