Mundua -

Israel

Hildako bat eta 11 zauritu Israelen, palestinar batek egindako erasoan

Erasotzailea hil dute, eta beste pertsona bat larri zauritu dute, terroristatzat jo ondoren.

Polizia israeldarra palestinar bat miatzen. Argazkia: EFE
Polizia israeldarra palestinar bat miatzen. Argazkia: EFE
Polizia israeldarra palestinar bat miatzen. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Militar bat hil da eta hamaika pertsona zauritu dira Israel hegoaldeko Beersheva herriko autobus-geltokian, gizabanako batek egindako eraso baten ondorioz.

Erasotzaileak militar baten M-16 fusila eskuratu du, eta tirokatzen hasi da. Soldadua hil du eta beste hamaika pertsona zauritu ditu, horietako asko Israelgo segurtasun-indarretako kideak, norabide guztietan tiro eginez.

Larrialdi-egoerari erantzun dioten segurtasun-indarrek hil dute erasotzailea. Ondoren, beste pertsona bat (eritrear bat, hain zuzen ere) larri zauritu dute, terroristatzat jo baitute. Hasiera batean, bi terrorista zeudela esan dute, baina gerora gezurtatu egin dute hipotesi hori.

Autobus-geltokiko poliziaburuak hanketan egin dio tiro eritrearrari, tiroketatik ihes egin nahian zebilenean, eta larri dago. Lurrean zegoela, gainera, hainbat pertsonak kolpeak jo eta ostikoak eman dizkiote, eta txistua bota diote, erasotzaileetako bat zelakoan.

Gertakaria Israelen 19:30 (16:30 GMT) zirenean jazo da, nahiko lasaia izan den egunean eta autobus-geltokia soldaduz beteta zegoenean. Erasoa izan ostean, berehala hustu du Poliziak geltokia, hainbat agente beste ustezko erasotzaile batzuen bila zebiltzan bitartean.

Gaurko gertakariarekin eten egin da eguneko lasaitasun hori, 17 egunetan zehar etengabeko liskarrak egon eta gero. Liskar horietan zazpi israeldar eta 42 palestinar hil dira.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albisteak Eguneko albisteak Israel Palestina Ekialde Hurbila gaur