Mundua -
Hebron (Zisjordania)
Palestinar bat hil dute Israelgo soldadu bat ustez sastatu ondoren
“Terroristak soldadu bat sastatu du protesta batean, Bet Awwan, Hebron mendiaren hegoaldean”, eta “zonaldeko beste soldadu batzuek” tirokatu dute, bozeramaile militar batek azaldu duenez.
Agencias | Redacción
Palestinar bat hil dute gaur Hebron hirian (Zisjordania), Israelgo soldadu bat ustez sastatu ondoren, Armadak agiri batean jakitera eman duenez.
?Terroristak soldadu bat sastatu du protesta batean, Bet Awwan, Hebron mendiaren hegoaldean?, eta ?zonaldeko beste soldadu batzuek? tirokatu dute, bozeramaile militar batek azaldu duenez.
Ustezko erasotzailea hilzorian utzi dute Ilargi Gorriaren esku, eta handik gutxira hil da, Maan albiste-agentziak jakinarazi duenez.
Israelgo Armadaren bertsioaren arabera, patruila militar bat 4x4 ibilgailu batetik jaitsi da dozenaka palestinarren protesta bati aurre egiteko, eta horietako batek ofizial bati zauri arinak egin dizkio labana batekin.
Palestinarra buruan bala bat zuela eraman dute Hebrongo ospitalera, bertako albiste-agentziak azaldu duenez. Lekukoek baieztatu egin dute liskarrak izan direla Bet Awwan.
44 palestinar eta zortzi israeldar hil dituzte
Dagoeneko 44 palestinar hil dituzte azken egunetan, Israelgo agintarien esanetan. Horren arabera, horien ia erdiak erasotzaileak ziren, eta gainerakoak Israelgo Armadaren aurka izandako borroketan hil dituzte.
Palestinarren erasoetan, zortzi israeldar hil dituzte. Bestalde, Israelgo arabiar bat Beer Shevako autobus geltokian hil zuten, tiroketa batean. Eritreako etorkin gazte bat tirokatu eta hil zuen zaindari batek tiroketa berean. Lurrean larri zauriturik zegoela, bidaiari ugarik jipoitu egin zuten.
Ban Ki-moon Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusia Ekialde Hurbilera iritsiko da gaur, Israelgo eta Palestinako buruzagiekin bildu, eta urriarekin batera hasi zen indarkeria oldea gelditzen saiatzeko, diplomazia iturriek jakitera eman dutenez.